Itun Zaharra

Itun Berria

Epaileak 15:1-13 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Aldi baten buruan, gariak igitatzeko aroan, Samson bere emaztea bisitatzera joan zen, antxume bat eramanez. Hau zioen:—Neure emazteagana noa logelara.Aitaginarrebak, ordea, ez zion sartzen utzi,

2. esanez:—Benetan gorroto zeniola uste nuen eta zure adiskideari eman nion emaztetzat. Hori baino hobea duzu ahizpa gaztea. Hartzazu zeuretzat, bestearen ordez.

3. Samsonek ihardetsi zion:—Oraingoan errugabea izango naiz filistearrei egingo diedan kalteaz.

4. Orduan, hirurehun azeri harrapatu eta isatsak bata bestearekin korapilaturik, lastargiak ezarri zizkien Samsonek korapilo bakoitzean.

5. Eman zien su eta bota zituen azeriak filistearren gari-soroetara. Denak hartu zuen su: gari-bala, gari-soro, mahasti eta olibadiek.

6. Orduan, filistearrek galdetu zuten:—Nork egin du hori?Erantzun zieten:—Samsonek, timnarraren suhiak, zeren eta hark Samsonen emaztea hartu eta beraren lagunari eman baitio.Orduan, filistearrek joan eta erre egin zituzten aita-alabak.

7. Samsonek esan zien:—Hori egin al duzue? Ba, nik ez dut etsiko zuei mendeku egin arte.

8. Astindu ederra eman zien eta sarraski handia egin. Ondoren, Etamgo haitzarteko leize-zulo batera jaitsi zen bizitzera.

9. Filistearrek Judan jarri zuten kanpalekua. Gero, Lehi hiriari erasotzeko zabaldu egin ziren.

10. Judaren leinuko gizonek galdetu zuten:—Zer dela-eta erasotzen diguzue?Filistearrek erantzun zieten:—Samson atxilotzera etorri gara; egin diguna ordainaraztera.

11. Orduan, Judako hiru mila gizonek, Etamgo haitzarteko leize-zulora joan eta esan zioten Samsoni:—Ez al dakizu filistearren menpe gaudela? Zergatik jarri gaituzu egoera honetan?Samsonek erantzun zien:—Beraiek egin didatena egin diet nik.

12. Judakoek esan zioten:—Zu lotu eta filistearren esku uzteko asmoz etorri gatzaizkizu.Samsonek, orduan:—Egidazue zin ez nauzuela hilko.

13. Judakoek erantzun zioten:—Hil, ez zaitugu hilko; baina ongi lotu eta filistearren esku utzi, bai.Orduan, bi soka berriz lotu eta atera egin zuten haitzartetik.

Irakurri kapitulu osoa Epaileak 15