Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21

Itun Zaharra

Itun Berria

Epaileak 12 Elizen Arteko Biblia (EAB)

Jefte, Efraimen leinuaren kontra

1. Efraimen leinuko gizonak bildu, Jordan ibaia igaro eta Tzafon hirira joan ziren. Eta esan zioten Jefteri:—Zergatik joan zara amondarren kontra borrokara guri dei egin gabe? Su emango diogu zure etxeari, zu barrenean zarela!

2. Jeftek erantzun:—Nik eta nire jendeak amondarrekin eztabaida gogorra izan genuenean, eskatu nizuen laguntza, baina zuek ez gintuzuen libratu haiengandik.

3. Beraz, salbatuko gintuenik ez zegoela ikustean, aurre egin nien amondarrei, neure bizia arriskatuz. Eta eskura eman zizkidan Jaunak. Zergatik zatozkidate orain niri borroka egitera?

4. Orduan, Jeftek, Galaadeko gizonak bildurik, efraimdarrei eraso eta menderatu egin zituen. Efraimdarrek esan ohi zuten, Efraim eta Manasesen lurralde artean bizi ziren galaadtarrak efraimdarren artetik alde eginak zirela.

5. Jordan ibaia Efraimen lurralderantz igarotzeko ibi edo pasabideak hartu zituzten galaadtarrek. Eta iheslarietakoren bat ibaia igarotzen uzteko eske hurbiltzean, efraimdarra zen galdetzen zioten; ezetz esaten bazuen, galaadtarrek

6. «xibbolet» esateko agintzen zioten. Hark, ordea, behar bezala ahoskatu ezin eta «sibbolet» esaten bazuen, harrapatu eta bertan, Jordango ibi ondoan, lepoa mozten zioten. Aldi hartan berrogeita bi mila efraimdar hil ziren.

7. Sei urtez gobernatu zuen Jeftek Israel. Jefte galaadtarra hil zenean, bere sorterrian, Galaad lurraldean, ehortzi zuten.

ISRAELGO BESTE EPAILE BATZUK (12,8-15)

Ibtzan

8. Ondoren, Belengo Ibtzanek gobernatu zuen Israel.

9. Hogeita hamar seme eta beste horrenbeste alaba izan zituen; alabak kanpora ezkondu zituen, baina semeentzat hogeita hamar neska ekarrarazi zituen kanpotik.Zazpi urtez gobernatu zuen Ibtzanek Israel.

10. Hil zenean, Belenen ehortzi zuten.

Elon

11. Ondoren, Zabulongo Elonek gobernatu zuen Israel, hamar urtez.

12. Hil zenean, Aialon hirian lur eman zioten, Zabulonen lurraldean.

Abdon

13. Ondoren, Hilelen seme Abdonek, Piratongoak, gobernatu zuen Israel.

14. Berrogei seme eta hogeita hamar biloba izan zituen; nork bere astoa zuen, gainean ibiltzeko. Zortzi urtez gobernatu zuen Israel.

15. Hil zenean, Piraton hirian ehortzi zuten, Efraimen lurraldean, amalektarren mendialdean.