Itun Zaharra

Itun Berria

Epaileak 11:8-21 Elizen Arteko Biblia (EAB)

8. Galaadeko arduradunek esan zioten Jefteri:—Horrexegatik gatozkizu, hain zuzen. Zatoz gurekin, borroka zaitez amondarren kontra, eta Galaadeko bizilagunen buruzagi izango zara.

9. Jeftek, orduan:—Amondarren kontra borrokatzera joatea nahi baduzue eta Jaunak eskura ematen baldin badizkit, neu izango nauzue buruzagi.

10. Galaadeko arduradunek erantzun zioten:—Jauna testigu, zuk esan bezala egiten ez badugu.

11. Orduan, Jefte Galaadeko arduradunekin joan eta herriak buruzagi eta gudalburu onartu zuen. Ondoren, Jeftek Mitzpako santutegian baietsi zuen hitzarmen hura.

12. Jeftek mezulariak bidali zizkion amondarren erregeari, esatera: «Zer duzu nire kontra, nire lurraldeari erasotzera etortzeko?»

13. Amondarren erregeak erantzun zien Jefteren mezulariei: «Egiptotik igotzean, nire lurraldean sartu eta Arnon errekatik Jabok erreka eta Jordan ibaia artekoa hartu zidaten israeldarrek. Itzul iezadazu orain bakean lurralde hori».

14. Jeftek mezulariak igorri zizkion berriro amondarren erregeari

15. beste mezu honekin: «Hau dio Jeftek: Israeldarrek ez zuten moabdarren, ez amondarren lurralderik hartu.

16. Egiptotik igotzean, israeldarrak basamortuan barrena Itsaso Gorrira jo eta Kadex oasiraino heldu ziren.

17. Orduan, israeldarrek mezulariak bidali zizkioten Edomgo erregeari, beraren lurraldetik igarotzeko baimena eskatuz; baina ez zien eman. Moabeko erregeari ere eskatu zioten; baina hark ere ez zien eman. Horregatik, israeldarrak Kadexen gelditu ziren.

18. Gerora, basamortuan zehar, Edom eta Moab lurraldeak inguratuz, Moabeko ekialdera hurbildu eta Arnon errekaz beste aldera ezarri zuten kanpalekua; baina ez ziren sartu moabdarren lurraldean, muga baitzen Arnon.

19. Ondoren, Sihoni, Hexbongo errege amortarrari, mezulariak bidali zizkioten israeldarrek, esatera: “Emaguzu baimena gure bizitokira zure lurraldetik igarotzeko”.

20. Sihonek, ordea, ez zien utzi. Eta, gainera, bere gudarostea bildurik, kanpalekua Jahatzen jarri eta eraso egin zien israeldarrei.

21. Baina Jaunak, Israelen Jainkoak, israeldarrei eskura eman zizkien Sihon eta gudaroste osoa, eta xehatu egin zituzten. Ondoren, amortarrak bizi ziren lurraldeaz jabetu ziren israeldarrak.

Irakurri kapitulu osoa Epaileak 11