Itun Zaharra

Itun Berria

Epaileak 11:23-38 Elizen Arteko Biblia (EAB)

23. Jaunak, Israelen Jainkoak, bota egin zituen amortarrak israeldarron lurraldetik, eta orain zuk gu bota nahi al gaituzu?

24. Ez al duzu zeurea Kemoxek, zeure jainkoak, eman dizuna? Ba, guk ere geuretzat dugu Jaunak, geure Jainkoak, eman diguna.

25. Tziporren seme eta Moabeko errege Balak baino hobea zarelakoan al zaude? Hura ez zen aitzakia bila ibili israeldarren kontra borrokatzeko.

26. Gainera, bada hirurehun urte israeldarrok Hexbon eta Aroer hirietan eta berauen inguruetan bizi garela, baita Arnon erreka-ertzetako hirixketan ere. Zergatik ez dituzue libratu denboraldi horretan guztian?

27. Nik ez dizut inolako okerrik egin; zu ari zatzaizkit erasoka. Jauna da epaile. Erabaki beza berak israeldar eta amondarren artean».

28. Amondarren erregeak, ordea, ez zion kasurik ere egin Jefteren mezuari.

29. Jaunaren espirituak eraginik, Galaad eta Manasesen lurraldeak igaro eta Galaadeko Mitzpara heldu zen Jefte, eta hemendik amondarren lurraldera jo zuen.

30. Eta honako promes hau egin zion Jaunari: «Amondarrak eskura ematen badizkidazu,

31. beraiek garaitu eta itzultzean, ongietorria egitera etxetik atera dakidan lehenengoa zuretzat izanen da, Jauna, eta erre-oparitzat eskainiko dizut».

32. Joan zen, beraz, Jefte amondarren kontra borrokara eta Jaunak eskura eman zizkion etsaiak.

33. Aroertik Minit arteko hogei hiritan garaitu zituen, Abel-Keramimeraino. Garaipen izugarria izan zen. Horrela menderatu zituzten israeldarrek amondarrak.

34. Jefte Mitzpara, bere etxera, heldu zenean, alaba atera zitzaion ongietorria egitera, danbolina joz eta dantzari. Jeftek ez zuen beste semerik, ez alabarik, huraxe besterik.

35. Alaba ikustean, jantziak urratu eta esan zuen:—Ai, ene alaba! Lur joa utzi nauzu. Zeu izan behar niri zoritxarra dakarkidana! Hitza eman diot Jaunari eta ezin atzera egin.

36. Alabak erantzun zion:—Ene aita, Jaunari hitzeman badiozu, egin nirekin hitzemandakoa, Jaunak menpean jarri baitizkizu etsaiak, amondarrak.

37. Gero, esan zion:—Baina emadazu honako hau: bi hilabetez mendiz mendi neure lagunekin negarrez ibiltzea, ezkondu baino lehen hil behar dudalako.

38. Aitak erantzun zion:—Zoaz!Eta bi hilabeterako joaten utzi zion. Neska mendiz mendi ibili zen bere lagunekin, ezkondu baino lehen hil behar zuelako, negarrez.

Irakurri kapitulu osoa Epaileak 11