Itun Zaharra

Itun Berria

Epaileak 1:26-33 Elizen Arteko Biblia (EAB)

26. Gizon hark, berriz, hititen lurraldera joan eta hiri bat eraiki zuen; Luz izena eman zion eta hala deritza gaurdaino.

27. Manasesen leinukoek ezin izan zituzten hartu Bet-Xan, Taanak, Dor, Ibleam eta Megido hiriak, ezta haien inguruak, ez bizilagunak ere; kanaandarrek jarraitu zuten bertan bizitzen.

28. Alabaina, israeldarrek, indartsuago egin zirenean, lanera behartu zituzten kanaandarrak, bertatik ezin bota izan zituzten arren.

29. Efraimen leinukoek ezin izan zituzten bota Gezerko kanaandarrak; horregatik, kanaandarrak efraimdarren artean bizi izan ziren Gezerren.

30. Zabulonen leinukoek ezin izan zituzten bota Kitron eta Nahalol hirietako bizilagunak. Kanaandarrak zabulondarren artean bizi izan ziren, baina lanera behartuak.

31. Axerren leinukoek ezin izan zituzten bota Ako, Sidon, Ahlab, Akzib, Helba, Afik eta Rehobeko bizilagunak,

32. eta lurralde hartako kanaandarren artean bizi izan ziren axertarrak, ezin izan baitzituzten handik bota.

33. Neftaliren leinukoek ezin izan zituzten bota Bet-Xemex eta Bet-Anat hirietako bizilagunak, eta lurralde hartako kanaandarren artean bizi izan ziren; alabaina, lanera behartu zituzten hiri haietakoak.

Irakurri kapitulu osoa Epaileak 1