Itun Zaharra

Itun Berria

Epaileak 1:19-35 Elizen Arteko Biblia (EAB)

19. Judaren alde zen Jauna; horregatik, mendialdeaz jabetu ahal izan ziren. Baina lautadako jendea ezin izan zuten bota, jende hark burdinazko guda-gurdiak zituelako.

20. Moisesek esan bezala, Kalebi eman zioten Hebron, eta hark bota egin zituen handik Anaken ondorengo hiru senitarteetakoak.

21. Benjamindarrek, aldiz, ez zituzten Jerusalemgo jebustarrak bota; horregatik, jebustarrak Jerusalemen bizi ahal izan dira benjamindarrekin batera gaurdaino.

22. Joseren leinukoak Betel hiriaren kontra abiatu ziren, Jauna lagun zutela,

23. eta ikerketa egin zuten bertan —antzina hiri hark Luz zuen izena—.

24. Hiritik kanpora zetorren gizon bat ikusirik, ikertzaileek esan zioten: «Erakuts iezaguzu nondik sartzen den hirira eta ongi tratatuko zaitugu».

25. Gizonak erakutsi egin zien nondik sartzen zen hirira. Orduan, hiriko guztiak hil zituzten ezpataz, gizon hura eta beraren senitartekoak izan ezik.

26. Gizon hark, berriz, hititen lurraldera joan eta hiri bat eraiki zuen; Luz izena eman zion eta hala deritza gaurdaino.

27. Manasesen leinukoek ezin izan zituzten hartu Bet-Xan, Taanak, Dor, Ibleam eta Megido hiriak, ezta haien inguruak, ez bizilagunak ere; kanaandarrek jarraitu zuten bertan bizitzen.

28. Alabaina, israeldarrek, indartsuago egin zirenean, lanera behartu zituzten kanaandarrak, bertatik ezin bota izan zituzten arren.

29. Efraimen leinukoek ezin izan zituzten bota Gezerko kanaandarrak; horregatik, kanaandarrak efraimdarren artean bizi izan ziren Gezerren.

30. Zabulonen leinukoek ezin izan zituzten bota Kitron eta Nahalol hirietako bizilagunak. Kanaandarrak zabulondarren artean bizi izan ziren, baina lanera behartuak.

31. Axerren leinukoek ezin izan zituzten bota Ako, Sidon, Ahlab, Akzib, Helba, Afik eta Rehobeko bizilagunak,

32. eta lurralde hartako kanaandarren artean bizi izan ziren axertarrak, ezin izan baitzituzten handik bota.

33. Neftaliren leinukoek ezin izan zituzten bota Bet-Xemex eta Bet-Anat hirietako bizilagunak, eta lurralde hartako kanaandarren artean bizi izan ziren; alabaina, lanera behartu zituzten hiri haietakoak.

34. Amortarrek mendialdera bultzatu zituzten Danen leinukoak, lautadara jaisten utzi gabe.

35. Har-Heres, Aialon eta Xaalbim hirietan bizitzen jarraitu zuten amortarrek; baina Joseren ondorengoek, indartsu egitean, lanera behartu zituzten.

Irakurri kapitulu osoa Epaileak 1