Itun Zaharra

Itun Berria

Deuteronomioa 9:3-17 Elizen Arteko Biblia (EAB)

3. Gaur jakingo duzue Jauna zeuen Jainkoa aurretik igaroko zaizuela Jordan zeharkatzean, su kiskalgarria bezala: berak suntsitu eta makurraraziko ditu herri horiek zuen aurrean, eta zuek beren lurraldetik bota eta deuseztatu egingo dituzue berehala, Jaunak hitzeman bezala.

4. «Zuen Jainko Jaunak zuen aurretik haiek jaurtitzean, ez esan zeuen baitan: “Geure zuzentasunagatik ekarri gaitu Jaunak lurralde honetaz jabetzera”. Izan ere, herri horiek kanpora botatzen baditu, beren gaiztakeriagatik botatzen ditu.

5. Beraz, ez duzue lurralde hori jabetzan hartuko zuzenak edo bihotz zintzokoak zaretelako, baizik eta Jaunak zuen Jainkoak herri horiek beren gaiztakeriagatik botatzen dituelako eta Jaunak zuen arbaso Abraham, Isaak eta Jakobi zin eginez hitzemandakoari leial eutsi nahi diolako.

6. Ohartu, bada, Jaunak zeuen Jainkoak lurralde eder horren jabetza ez dizuela zeuen merezimenduengatik ematen; izan ere, herri burugogor baitzarete.

7. «Ez ahaztu sekula sumindu egin zenutela Jauna zeuen Jainkoa basamortuan. Egiptotik irten eta hona iritsi arte, etengabe errebelatu izan zarete Jaunaren aurka.

8. «Horeb mendian sumindu egin zenuten Jauna eta, hainbesteraino haserretu zen, zuek suntsitzea erabaki baitzuen.

9. Ni mendian nintzen, Jaunak zuekin eginiko itunaren harlauzak jasotzera igota. Berrogei egun eta berrogei gau egin nituen mendian ezer jan eta edan gabe.

10. Jaunak bi harlauza eman zizkidan, Jainkoak berak idatziak: harlauzetan, zuek mendi barrenean bildurik zeundetela Jaunak suaren erditik adierazitako hitzak zeuden jasoak.

11. Berrogei egun eta berrogei gau haien buruan eman zizkidan Jaunak bi harlauzak.

12. Orduan, Jaunak esan zidan: Jaiki eta jaitsi berehala menditik, Egiptotik atera zenuen herri horrek okerrera jo baitu; laster asko okertu dira agindu nien bidetik: metal urtuzko irudia egin dute!

13. «Jaunak esan zidan gainera: Ikusia dut zein burugogorra den herri hau!

14. Uztazu suntsitzen eta beraren oroitzapena mundutik ezabatzen, eta zuregandik hori baino herri ahaltsuago eta jendetsuagoa sorraraziko dut.

15. «Sutan zegoen menditik jaitsi nintzen, itunaren harlauzak eskuetan nituela,

16. eta ikusi nuen Jaunaren zeuen Jainkoaren aurka bekatu egin zenutela, zekor-irudia eginez; laster asko okertu zineten Jaunak agindutako bidetik.

17. Orduan, harlauza biak jaurti eta puskatu egin nituen zuen aurrean.

Irakurri kapitulu osoa Deuteronomioa 9