Itun Zaharra

Itun Berria

Deuteronomioa 9:1-11 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. «Entzun, israeldarrok! Jordan ibaia igaroko duzue gaur, zuek baino herri handi eta ahaltsuagoen lurraldeaz jabetzeko; hiri handiak, zerurainoko harresiz inguratuak ditu lurralde horrek;

2. Anak erraldoiaren ondorengoak bizi dira bertan, altuera handiko jendea. Ezaguna duzue horiei buruzko esaera: “Nork egin aurre Anaken ondorengoei?”

3. Gaur jakingo duzue Jauna zeuen Jainkoa aurretik igaroko zaizuela Jordan zeharkatzean, su kiskalgarria bezala: berak suntsitu eta makurraraziko ditu herri horiek zuen aurrean, eta zuek beren lurraldetik bota eta deuseztatu egingo dituzue berehala, Jaunak hitzeman bezala.

4. «Zuen Jainko Jaunak zuen aurretik haiek jaurtitzean, ez esan zeuen baitan: “Geure zuzentasunagatik ekarri gaitu Jaunak lurralde honetaz jabetzera”. Izan ere, herri horiek kanpora botatzen baditu, beren gaiztakeriagatik botatzen ditu.

5. Beraz, ez duzue lurralde hori jabetzan hartuko zuzenak edo bihotz zintzokoak zaretelako, baizik eta Jaunak zuen Jainkoak herri horiek beren gaiztakeriagatik botatzen dituelako eta Jaunak zuen arbaso Abraham, Isaak eta Jakobi zin eginez hitzemandakoari leial eutsi nahi diolako.

6. Ohartu, bada, Jaunak zeuen Jainkoak lurralde eder horren jabetza ez dizuela zeuen merezimenduengatik ematen; izan ere, herri burugogor baitzarete.

7. «Ez ahaztu sekula sumindu egin zenutela Jauna zeuen Jainkoa basamortuan. Egiptotik irten eta hona iritsi arte, etengabe errebelatu izan zarete Jaunaren aurka.

8. «Horeb mendian sumindu egin zenuten Jauna eta, hainbesteraino haserretu zen, zuek suntsitzea erabaki baitzuen.

9. Ni mendian nintzen, Jaunak zuekin eginiko itunaren harlauzak jasotzera igota. Berrogei egun eta berrogei gau egin nituen mendian ezer jan eta edan gabe.

10. Jaunak bi harlauza eman zizkidan, Jainkoak berak idatziak: harlauzetan, zuek mendi barrenean bildurik zeundetela Jaunak suaren erditik adierazitako hitzak zeuden jasoak.

11. Berrogei egun eta berrogei gau haien buruan eman zizkidan Jaunak bi harlauzak.

Irakurri kapitulu osoa Deuteronomioa 9