Itun Zaharra

Itun Berria

Deuteronomioa 8:9-20 Elizen Arteko Biblia (EAB)

9. neurririk gabe jan ahal izango duzue ogia, eta ez zaizue ezer falta izango; hango harriek burdina dute eta mendietatik kobrea aterako duzue.

10. Ase arte jango duzue, beraz, eta Jauna zeuen Jainkoa bedeinkatuko, eman dizuen lurralde ederrarengatik.

11. «Baina kontuz! Ez ahaztu gero Jauna zeuen Jainkoa, gaur ematen dizkizuedan agindu, lege eta erabakiak bete gabe utziz.

12. Ez dadila gerta, ase arte jatean, zeuek eraikitako etxe ederretan bizitzean

13. eta zeuen behi eta arkumeak, zilar eta urreak eta era guztietako ondasunak gehitzean,

14. zuek harrotu eta Jauna zeuen Jainkoa ahazturik uztea. Bera da Egiptotik, esklabotza-lurraldetik, atera zaituztena;

15. bera da suge pozoitsu eta eskorpioiz beteriko basamortu handi eta ikaragarritik, ur-tantarik gabeko eremu elkor horretatik, eraman zaituztena; bera, suharritik ura atera eta edaten eman dizuena;

16. bera, zuen arbasoek ezagutu ez zuten mana jaten eman dizuena. Probatu egin zaituzte, bai, egoera latzean jarriz, baina zeuen onerako izan da azken batean.

17. «Ez esan zeuen buruari: “Geure indarrez eta trebeziaz lortu dugu aberastasun hau”;

18. baizik eta gogoratu, Jaunak zeuen Jainkoak ematen dizuela aberastasuna lortzeko indarra; horrela, leial eusten dio gaur ere zuen gurasoei zin eginez hitzemandakoari.

19. «Baina noizbait Jauna zeuen Jainkoa ahazten baduzue, jainko arrotzen atzetik joan eta, haien aurrean ahuspezturik, gurtza ematen badiezue, zinez diotsuet gaur guztiz galduko zaretela.

20. Aurrean aurkituko dituzuen herriak desegingo dituen bezala desegingo zaituzte Jaunak, berari, zeuen Jainkoari, obeditzen ez badiozue.

Irakurri kapitulu osoa Deuteronomioa 8