Itun Zaharra

Itun Berria

Deuteronomioa 7:9-22 Elizen Arteko Biblia (EAB)

9. «Aitor ezazue, beraz, Jauna zeuen Jainkoa dela egiazko Jainkoa: Jainko leiala, maite dutenei eta beraren aginduak betetzen dituztenei itun-hitza gorde eta onginahia mila belaunaldiz agertzen diena;

10. gorroto diona, berriz, zuzen-zuzenean ordaina eman eta suntsitu egiten du, luzatu gabe ematen dio ordaina.

11. Bete, bada, gaur ematen dizkizuedan agindu, lege eta erabakiak.

12. «Erabaki horiek onartu eta arretaz betetzen badituzue, Jaunak zeuen Jainkoak gordeko dizue zuen arbasoei zin eginez hitzemandako ituna, eta agertuko bere onginahia.

13. Maite izango zaituzte, bedeinkatu eta ugalduko, emankor egingo zaituzte zeuek, zuen abereak eta lurrak: garia, ardoa eta olioa oparo emango dizkizue, eta zekor eta arkumeak ugalduko, zuen arbasoei zin egindakoaren arabera emango dizuen lurraldean.

14. Herri guztien gainetik bedeinkatuko zaituzte: ez da zuen artean inor agorrik izango, ezta antzurik ere zuen abereen artean.

15. Jaunak gaixotasun guztiak urrunduko ditu zuengandik; ez dizkizue bidaliko ongi ezagutzen dituzuen Egiptoko izurri ikaragarriak, baizik eta gorrotoa dizuetenei bidaliko dizkie.

16. «Deuseztatu egingo dituzue Jaunak zeuen Jainkoak eskura emango dizkizuen herri guztiak. Ez izan haien gupidarik, ez gurtu haien jainkorik, galbide gertatuko bailitzaizueke.

17. «Agian, esango diozue zeuen buruari: “Herri horiek gu baino jendetsuago dira; nola bota beren lurraldetik?”

18. Ez izan horien beldur! Gogoratu ongi Jaunak zuen Jainkoak faraoiari eta Egipto osoari egindakoa;

19. gogoratu zuen begi-bistan egin zituen ezaugarri handiak, mirari eta egintza harrigarriak; gogoratu zuek Egiptotik ateratzeko erabili zituen ahalmen handia eta esku indartsua. Bada, beste horrenbeste eginen die Jaunak zuen Jainkoak beldur diezuen herri horiei guztiei.

20. Liztortzarrak bidaliko ditu Jaunak zuen Jainkoak haien kontra, ezkutuan gordeta bizirik gelditutako azkenak ere garbitu arte.

21. «Ez ikaratu, beraz, haien aurrean, zeuekin baituzue Jauna, zeuen Jainkoa, Jainko handi eta beldurgarria.

22. Jaunak zuen Jainkoak ezari-ezarian botako ditu herri horiek zuen aurretik: ezin izango dituzue bizkorregi deuseztatu, basapiztiak ugalduko bailirateke inguruan zuen kalterako.

Irakurri kapitulu osoa Deuteronomioa 7