Itun Zaharra

Itun Berria

Deuteronomioa 31:2-11 Elizen Arteko Biblia (EAB)

2. eta esan zien: «Baditut dagoeneko ehun eta hogei urte eta ez naiz gauza daukadan kargurako; gainera, Jaunak esan dit: “Ez duzu horko Jordan hori igaroko”.

3. Jauna bera, zuen Jainkoa, igaroko da zuen aurretik, berak suntsituko ditu horko herriak eta beren lurraldetik botako. Josue joango da zuen buru, Jaunak esan bezala.

4. Jaunak Sihon eta Og errege amortarrei eta beraien lurraldeei egindakoa bera egingo die herri horiei ere, suntsitu alegia.

5. Jaunak zuen eskura jarriko ditu; zuek, nik agindu bezala jokatuko duzue haiekin.

6. Izan bihotz eta adore! Ez izan beldur eta ez ikaratu haien aurrean, Jauna bera, zuen Jainkoa, baitoa zuekin; ez zaituzte inola ere utziko».

7. Ondoren, Moisesek Josueri dei egin eta israeldar guztien aurrean esan zion: «Izan bihotz eta adore! Zeuk sarraraziko duzu herria arbasoei zin eginez Jaunak agindutako lurraldean eta zeuk banatuko lurraldea ondaretzat.

8. Jauna bera joango zaizu aurretik eta zeurekin izango duzu; ez zaitu inola ere utziko. Ez izan beldur! Ez kikildu!»

9. Moisesek lege hau idatziz jarri eta Jaunaren itun-kutxa zeramaten lebitarren eta Israelgo herri-arduradun guztien esku utzi zuen.

10. Eta agindu hau eman zien: «Zazpi urtez behin, zorren barkamen-urtean, Etxola Jaietan,

11. Israel osoa Jaunaren zuen Jainkoaren aurrean, berak aukeratuko duen lekuan aurkeztean, lege hau irakurriko diozue herri osoari ozenki.

Irakurri kapitulu osoa Deuteronomioa 31