Itun Zaharra

Itun Berria

Deuteronomioa 26:7-14 Elizen Arteko Biblia (EAB)

7. Orduan, oihu egin genion Jaunari arbasoen Jainkoari laguntza eske, eta Jaunak entzun egin zituen gure garrasiak, errukarri, sufrimenduz josirik eta zapaldurik ikusi baikintuen.

8. «“Jaunak Egiptotik atera gintuen ahalmen handiz eta esku indartsuz, mirari eta egintza harrigarriak eginez, etsaiengan izua sortuz.

9. Eta toki honetara ekarri gaitu, eta esnea eta eztia darizkion lurralde hau eman.

10. «“Orain, beraz, hemen dakartzat, Jauna, zeuk eman didazun lurreko emaitzen lehen fruituak”.«Hori esanik, Jaunaren zeure Jainkoaren aurrean ezarriko duzu eskaintza eta beraren aurrean ahuspeztuko zara.

11. Eta festa egingo duzu, zeure Jainko Jaunak zeuri eta etxekoei emandako ondasun guztiengatik eskerrak emanez, zurekin bizi diren lebitar eta etorkinekin batera.

12. «Hiru urtero hamarrenen urtea izango duzue: uzten hamarrenak bereizi ondoren, zuen hirian bizi diren lebitar, etorkin, umezurtz eta alargunei emango dizkiezue, zer jana izan dezaten.

13. Ondoren, zuetako bakoitzak adierazpen hau egingo du Jaunaren zuen Jainkoaren aurrean: “Erretiratu dut etxetik sagaratu beharrekoa, eta lebitar, etorkin, umezurtz eta alargunari eman diet, zuk, Jaun horrek, agindu bezala. Ez dut zure aginduetariko bat ere hautsi, ez ahaztu.

14. Ez dut hamarrenetatik ezer jan dolualdian, ez dut ezer erretiratu kutsaturik nengoela, ezta hildako bati eskaini ere. Zure esana egin dut, Jauna ene Jainkoa, eta zuk agindutako guztia bete.

Irakurri kapitulu osoa Deuteronomioa 26