Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24
  25. 25
  26. 26
  27. 27
  28. 28
  29. 29
  30. 30
  31. 31
  32. 32
  33. 33
  34. 34

Itun Zaharra

Itun Berria

Deuteronomioa 25 Elizen Arteko Biblia (EAB)

Neurriz zigortu

1. «Bi gizonen artean liskarrik sortzen bada, auzitara joko dute, epaituak izateko: epaileek errugabea errugabe aitortuko dute eta erruduna errudun.

2. Zigorkatua izan behar duen erruduna lurrean etzanaraziko du epaileak, eta bere begi-bistan merezi beste zigorrada emango dizkiote.

3. Nolanahi ere, sekula ez da berrogei zigorrada baino gehiago emango, zigorraldia gogorregia gerta eta herritarra denen aurrean laidotua geldi ez dadin.

4. «Ez diozue muturrekorik ipiniko gari jotzen ari den idiari.

Lebiratuaren legea

5. «Bi anaia elkarrekin bizi eta bietako bat seme-alabarik gabe hiltzen bada, alarguntsa ez da beste senitarteko gizon batekin ezkonduko; koinatua ezkonduko da berarekin, koinatuari dagokion eginbeharra betez.

6. Emakumeak izango duen lehen-semeak hildako anaiaren izena hartuko du; horrela, ez da haren izena israeldarren artetik ezabatuko.

7. «Baina koinatuak emaztetzat hartu nahi ez badu, alarguntsak herri-arduradunengana auzitegira joan eta esango die: “Nire koinatuak ez du legezko bere eginbeharra bete nahi, eta ez dio anaiari sortu nahi haren izenari israeldarren artean bizirik iraunaraziko dion ondorengoa”.

8. Herri-arduradunek deitu eta gizonarekin hitz egingo dute. Honek, bereari eutsiz, ez duela ezkondu nahi esaten badu,

9. koinatak, hurbilduz, sandalia erantziko dio eta aurpegira listua botako herri-arduradunen aurrean, esanez: “Hara zer egiten zaion bere anaiari familia eman nahi ez dion gizonari”.

10. «Eta halakoaren etxeari “Oinutsaren etxea” deituko diote israeldarrek.

Borrokaldian lotsa

11. «Herritar bi elkarrekin borrokan ari badira eta haietako baten emazteak, senarra jipoitik libratzeko, eskua luzatu eta besteari lotsarietatik heltzen badio,

12. moztu egingo diote eskua. Ez izan gupidarik!

Salerosketan zintzotasuna

13-14. «Ez duzue pisu eta neurri faltsurik erabiliko salerosketetan.

15. Behar bezalako pisu eta neurriak, zuzen eta zehatzak, izango dituzue; horrela, luzaro biziko zarete Jaunak zeuen Jainkoak emango dizuen lurraldean.

16. Izan ere, neurri faltsuak erabiliz zuzengabe jokatzen duena higuingarri zaio Jaunari zuen Jainkoari.

Amalektar herria Israelen etsai

17. «Izan gogoan, Egiptotik atera eta honako bidean amalektarrek egin zizuetena:

18. nekatuta eta ahuldurik zentoztela, bidera irten eta taldearen atzealdean ezinean zetozenei eraso zieten, Jainkoaren begirunerik gabe.

19. Beraz, Jaunak zeuen Jainkoak jabetzan emango dizuen lurraldean, inguruko etsaiengandik libratu eta atsedena emango dizuenean, ezereztu egingo dituzue amalektarrak eta horien oroitzapena bera ere mundutik ezabatuko. Ez ahaztu gero!