Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24
  25. 25
  26. 26
  27. 27
  28. 28
  29. 29
  30. 30
  31. 31
  32. 32
  33. 33
  34. 34

Itun Zaharra

Itun Berria

Deuteronomioa 24 Elizen Arteko Biblia (EAB)

Emakume dibortziatua

1. «Eman dezagun norbait emakume batekin ezkontzen dela, baina gero emakumeagan zerbait lotsagarria aurkitzen duela eta ez zaiola atsegin; orduan, dibortzio-agiria idatzi, emakumeari eman eta bidali egiten duela etxetik;

2. emakumea, ordea, senarraren etxetik alde egin ondoren, beste batekin ezkontzen dela.

3. Senar berriak ere, emakumeaz gogaiturik, dibortzio-agiria idatzi, emakumeari eman eta etxetik bidaltzen badu edota senar berria hiltzen bada,

4. zapuztu zuen lehenengo senarrak ezin hartuko du berriro emaztetzat, kutsatua bihurtu baita berarentzat. Higuingarri izango litzateke hori Jaunarentzat, eta Jaunak zeuen Jainkoak emango dizuen lurraldea ez duzue bekatuaz kutsatu behar.

Senar ezkonberria soldaduskatik aske

5. «Gizon ezkonberria ez dago soldaduska egitera behartua, ezta beste edozein zerbitzu publiko egitera ere; urtebete geldituko da etxean, edozein betebeharretik libre, hartu duen emaztearekin gozatzeko.

Bahituraz xedapena

6. «Ez duzue bahituran hartuko, ez errota, ez errotarria, bahituran bizia bera hartzea izango bailitzateke hori.

Pertsonaren bahitura

7. «Norbaitek israeldar herritarra, esklabo bihurtzeko nahiz saltzeko, bahitu egin duela jakiten baduzue, heriotzara emango duzue. Horrela desagerraraziko duzue gaiztakeria zeuen artetik.

Larruazaleko gaitzaz xedapena

8. «Izan kontu larruazaleko gaitzekin; arreta osoz beteko duzue nik apaiz lebitarrei agindu eta haiek irakatsiko dizuetena.

9. Gogoratu, Egiptotik honako bidean Jaunak zuen Jainkoak Miriami egin ziona.

Bahituraz xedapen gehiago

10. «Lagun hurkoari zerbait maileguz ematen badiozue, ez zarete haren etxean sartuko abala hartzera:

11. itxaron atarian mailegu-hartzaileak abala kanpora ekar diezazuen.

12. Hartzailea pobrea bada, ez zarete bahituran harturiko soingainekoaz estaliko gauez,

13. baizik eta itzuli egingo diozue eguzkia sartzerako, gauez zerekin estali izan dezan eta bedeinka zaitzaten; Jaunak zeuen Jainkoak kontuan hartuko dizue zeuen egintza ona.

Lansari-ordainketa

14. «Ez duzue jornalari dohakabea eta behartsua zurrupatuko, nahiz herritarra, nahiz zuen herrialdean, zuen hiri berean, bizi den etorkina izan.

15. Egunean eguneko lansaria emango diozue, eguzkia sartu baino lehen; izan ere, behartsua da eta premia-premiazkoa du soldata. Bestela, deiadar egingo dio Jaunari zuen kontra eta errudun izango zarete.

Norberaren erantzukizuna

16. «Ez da gurasorik seme-alaben erruarengatik heriotzara emango, ezta seme-alabarik ere gurasoenagatik: nor bere bekatuagatik hilko dute.

Behartsuen aldeko neurriak

17. «Ez dituzue etorkinen eta umezurtzen eskubideak baztertuko, ezta alargunaren arropak bahituran hartuko ere.

18. Izan gogoan zeuek ere esklabo izan zinetela Egipton eta Jaunak zeuen Jainkoak askatu egin zintuztela bertatik; horregatik agintzen dizuet xedapen hori betetzeko.

19. «Uzta biltzean, gari-balarik soroan ahaztuta uzten baduzue, ez itzuli haren bila. Etorkin, umezurtz eta alargunentzat izango da, Jaunak zeuen Jainkoak eginkizun guztietan bedeinka zaitzaten.

20. «Olibondoak astintzean, ez itzuli adarretan geldituriko olibak biltzera. Etorkin, umezurtz eta alargunentzat izango dira.

21. «Mahats-bilketa egitean, ez itzuli atzean utzitako mahats-hondarrak biltzera. Etorkin, umezurtz eta alargunentzat izango dira.

22. «Izan gogoan zeuek ere esklabo izan zinetela Egipton; horregatik agintzen dizuet xedapen horiek betetzeko.