Itun Zaharra

Itun Berria

Deuteronomioa 19:2-16 Elizen Arteko Biblia (EAB)

2. hiru hiri aukeratuko dituzue Jaunak zeuen Jainkoak jabetzan emandako lurraldean.

3. Horretarako, lurraldea hiru zatitan banatuko duzue eta hiri haietarako bideak egokituko, edozein hiltzailek nora ihes egin izan dezan.

4. «Aurrez gorrotatzen ez duen norbait nahi gabe hiltzen duenak, hiri haietako batera egin dezake ihes, bizirik irauteko.

5. Demagun, adibidez, norbait lagunarekin basora zuhaitzak botatzera joaten dela eta, zuhaitza mozteko aizkorakada ematean, burdinak girtenetik ihes egin eta, laguna parean harrapaturik, hil egiten duela; horrelakoak hiri haietako batera ihes egin dezake eta bizia salbatu.

6. Hiriak urrutiegi baleude, hildakoa mendekatzeko eskubidea duenak, amorruz bero-bero, atzetik segi, harrapatu eta hil lezake, nahiz eta hiltzaileak heriotzarik merezi ez, hildakoa aurrez gorrotatzen ez zuenez gero.

7. Horregatik agintzen dizuet hiru hiri horiek aukeratzeko.

8-9. «Gainera, Jauna zeuen Jainkoa maitatuz eta haren bideetan bizitza osoan ibiliz, gaur ematen dizkizuedan agindu guztiok betetzen saiatzen bazarete, Jaunak zeuen Jainkoak, arbasoei zin egin bezala, zeuen lur-mugak hedatuko dizkizue eta agindutako lurralde osoa emango; orduan, aipatutako hiru hiriez gainera, beste hiru aukeratuko dituzue.

10. Horrela, ez da errugabeen odolik isuriko Jaunak zeuen Jainkoak ondaretzat emango dizuen lurraldean, eta ez zarete hilketa-errudun gertatuko.

11. «Baina, lagun hurkoari gorroto dion norbaitek, zelatan jarri, eraso eta hiltzen badu eta hiri haietako batera ihes egiten,

12. atxilotu eta ekartzeko aginduko dute beraren hiriko arduradunek eta mendeku-eskubidea duenaren esku utziko, hil dezan.

13. Ez izan horrelakoaz gupidarik! Horrela ezabatuko duzue errugabearen hilketa Israeldik, eta zoriontsu izango zarete.

14. «Jaunak zeuen Jainkoak jabetzan emandako lurraldean, lehenengo iritsitakoek ondare-zatiak banatu eta mugarriak ezarriko dituzte. Ez aldatu sekula mugarriak lekuz auzokoaren kaltetan.

15. «Lekuko bakarra ez da aski inoren hutsegitea edo delitua frogatzeko; delitua edozein dela ere, bi edo hiru lekukoren aitorpenaz bakarrik erabakiko da auzia.

16. «Asmo txarreko lekukoak norbait delituren batez salatzen badu,

Irakurri kapitulu osoa Deuteronomioa 19