Itun Zaharra

Itun Berria

Deuteronomioa 17:1-11 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. «Ez diozue oparitzat eskainiko Jaunari zeuen Jainkoari inolako akatsik duen zekor edo arkumerik, higuingarri baitzaio hori.

2. «Gerta daiteke, Jaunak zeuen Jainkoak emango dizkizuen hirietakoren batean, gizon nahiz emakumeren batek Jaunari zuen Jainkoari gaizki iruditzen zaiona egin eta ituna haustea:

3. hau da, nik aginduaren kontra, jainko arrotzak gurtu eta beraien aurrean —edota eguzki, ilargi eta zeruko izar guztien aurrean— ahuspeztea.

4. Horrelakorik salatzen badizuete edo, zeuen kabuz, horrelako zerbaiten berri jakiten baduzue, ikertu zehatz-mehatz arazoa; Israelen horrelako gaiztakeria egiaz gertatu dela ikusten baduzue,

5. erruduna, gizona nahiz emakumea, hiri-sarrerara eramango duzue eta harrika emango hil arte.

6. «Ez zaio inori heriotza-zigorrik ezarriko bi edo hiru lekukoren aitorpenaz izan ezik; ez da aski lekuko bakarraren aitorpena.

7. Lekukoak izango dira lehenak kondenatua hiltzen, eta herri osoa ondoren. Horrela ezabatuko duzue gaiztakeria zeuen artetik.

8. «Zuen hirietan auziren bat gertatzen bada —hilketa, liskarra, zauria edo beste zernahi—, zeuek erabakitzeko zailegia iruditzen zaizuena, joan Jaunak zuen Jainkoak aukeratuko duen lekura

9. eta jo argibide bila apaiz lebitarrengana eta une hartan txandan egongo den epaileagana. Hauek epaia emango dizuete,

10. eta haren arabera jokatuko duzue, erabakia arretaz betez.

11. Haiek emandako argibideen eta epaiaren arabera jokatuko duzue, ezertan ere saihestu gabe.

Irakurri kapitulu osoa Deuteronomioa 17