Itun Zaharra

Itun Berria

Deuteronomioa 16:1-10 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. «Gogoan izan Abib hila Jaunaren zuen Jainkoaren ohorez Pazkoa ospatzeko, hil horretako gau batean atera baitzintuzten Jaunak zeuen Jainkoak Egiptotik.

2. Pazko-oparitzat abere handi eta txikiak eskainiko dizkiozue Jaunari, zeuen Jainkoari, bizileku eta kultu-lekutzat aukeratuko duen tokian.

3. Pazko-otorduan ez duzue legamiadun ogirik jango; zazpi egunez legamia gabeko ogia jango duzue: ogi horrek Egiptotik presaka irten behar izan zenuteneko atsekabea oroitaraziko dizue; horrela, bizitza osoan izango duzue gogoan Egiptotik irten zineteneko eguna.

4. Zazpi egun horietan ez da legamiarik izango lurralde osoan. Lehenengo eguneko arratsaldean eskainitako oparigaien haragitik ez duzue ezer ere utziko biharamunerako.

5. «Ez duzue zilegi Pazko-oparia Jaunak zeuen Jainkoak emango dizkizuen hirietan eskaintzea,

6. baizik eta bizileku eta kultu-lekutzat aukeratuko duen tokian bakarrik eskainiko duzue. Ilunabarrean eskainiko duzue, eguzkia sartzean, ordu horretan irten baitzineten Egiptotik.

7. Jaunak zuen Jainkoak aukeratuko duen lekuan egosi eta jango duzue oparigaia, eta biharamun goizean etxera itzuliko zarete.

8. Sei egunez legamia gabeko ogia jango duzue; zazpigarren egunean, batzar sakratua izango duzue Jaunaren zeuen Jainkoaren ohorez eta ez duzue inolako lanik egingo.

9. «Zenbatu zazpi aste, garia ebakitzen hasten zareten egunetik.

10. Ondoren, Asteen Jaia ospatuko duzue Jaunaren zeuen Jainkoaren ohorez, borondatezko emaitzak eskainiz, Jaunaren bedeinkazioz izandako ondasunen arabera.

Irakurri kapitulu osoa Deuteronomioa 16