Itun Zaharra

Itun Berria

Deuteronomioa 13:9-17 Elizen Arteko Biblia (EAB)

9. Ez egin kasurik, ez entzun ere; ez izan horrelakoen gupidarik, ez barkatu, ezta estali ere errua;

10. aitzitik, hil egin behar duzue, eta zeuek izango zarete lehenak halakoa hiltzen, eta herri osoa ondoren.

11. Harrika emango diozue hil arte, Egiptotik, esklabotza-lurraldetik, atera zintuzten Jaunarengandik zeuen Jainkoarengandik saihestu nahi izan zaituztelako.

12. Horrela, horren berri izatean, beldur izango dira israeldar guztiak eta uko egingo diote horrelako gaiztakeriak egiteari.

13-14. «Gerta daiteke, Jaunak zeuen Jainkoak bizitzeko emango dizkizuen hirietako batean, gizon gaizto-maltzurrak sortzea, ezagutzen ez dituzten jainko arrotzak gurtzera herritarrak bultzatu nahi izango dituztenak. Horrelakorik gertatzen ari dela entzungo bazenute,

15. ikertu lehenengo, zehatz-mehatz galdetuz eta aztertuz. Eta ikusten baduzue, egiaz gertatu dela zuen artean gaiztakeria hori,

16. zeharo suntsituko duzue hiria, barruan den guztiarekin: ezpataz garbituko dituzue jendea eta abereak,

17. eta harrapakin guztiak, plaza erdian bildurik, hiriarekin batera erreko dituzue Jaunaren zeuen Jainkoaren ohorez. Betiko hondamendi izango da eta ez dute sekula berreraikiko.

Irakurri kapitulu osoa Deuteronomioa 13