Itun Zaharra

Itun Berria

Deuteronomioa 10:3-17 Elizen Arteko Biblia (EAB)

3. «Akazia-zurezko kutxa egin, lehengoak bezalako bi harlauza ebaki eta, harlauzak eskuetan nituela, mendira igo nintzen.

4. Aurreko txandan bezala, zuek mendi barrenean bildurik zeundetela Jaunak suaren erditik adierazi zizkizuen hamar aginduak idatzi zituen harlauza berrietan eta niri eman zizkidan.

5. Gero, menditik jaitsi eta kutxan sartu nituen, eta han gelditu ziren, Jaunak agindu bezala.

6. «Israeldarrak, Bene-Jaakango putzuetatik abiaturik, Moserara iritsi ziren. Han hil zen Aaron, eta bertan ehortzi zuten. Aaronen ordez, beraren seme Eleazar izan zen hurrengo apaiz.

7. Handik Gudgodara joan ziren eta Gudgodatik Jotbatara, erreka asko duen lurraldera.

8. Orduan bereizi zuen Jaunak Lebiren leinua, eginkizun hauek ezarriz: itun-kutxa eraman, Jaunaren aurrean liturgi zerbitzua bete eta beraren izenean herria bedeinkatzea, gaur egun ere egin ohi duten bezala.

9. Horregatik, lebitarrek ez dute ondare-zatirik beste israeldarrek bezala, Jauna baitute beren ondare, Jaunak gure Jainkoak hitzeman dien bezala.

10. «Bigarren aldian ere, berrogei egun eta berrogei gau egin nituen mendian eta entzun egin zidan berriro Jaunak, eta ez zintuzten suntsitu.

11. Gero, esan zidan: Ea, jar zaitez herriaren buru eta abiatu arbasoei zin eginez agindutako lurraldeaz jabetzera.

12. «Eta orain, israeldarrok, zer da Jaunak zeuen Jainkoak eskatzen dizuena? Errespeta dezazuela Jauna zeuen Jainkoa, haren bideetan ibiliz, hura maitatuz eta zerbitzatuz bihotz-bihotzez eta gogo osoz,

13. eta bete ditzazuela ematen dizkizuedan Jaunaren agindu eta legeak, horrela jokatuz zoriontsu izan zaitezten.

14. Izan ere, Jaunarenak zeuen Jainkoarenak dira zeru zabalak, lurra eta bertako guztia.

15. Baina Jaunak zuen arbasoak bakarrik izan zituen atsegin eta maite, eta segidan zuek, haien ondorengoak, hautatu zintuzten herri guztien artean, gaur egun gertatzen denez.

16. «Ezarri ituna bihotzean eta ez izan burugogor aurrerantzean,

17. Jauna, zuen Jainkoa, jainkoen Jainko eta jaunen Jaun baita, Jainko handi, ahaltsu eta beldurgarria; ez du alderdikeriaz jokatzen, ez eroskeriarik onartzen:

Irakurri kapitulu osoa Deuteronomioa 10