Itun Zaharra

Itun Berria

Deuteronomioa 1:29-46 Elizen Arteko Biblia (EAB)

29. «Nik esan nizuen: Ez ikaratu! Ez izan haien beldur!

30. Jauna zeuen Jainkoa aurretik doakizue eta zuen alde borrokatuko da, Egipton zuen begi-bistan egin zuen bezala;

31. basamortuan ere ikusi ahal izan duzue nola Jaunak zeuen Jainkoak, aitak bere haurra bezala, ekarri zaituzten honaino bide guztian zehar.

32. «Hala eta guztiz ere, ez zineten Jaunarengan zeuen Jainkoarengan fidatu,

33. etxolatzeko lekua zuei aurkitzeko, bera bidean aurretik zihoakizuen arren, gauez suaren bidez bidea argituz, eta egunez lainoaren bidez gidatuz.

34. «Aditu zituen Jaunak zuen marmarioak eta, sumindurik, honela egin zuen zin:

35. Belaunaldi gaizto honetako gizaseme batek ere ez du ikusiko zuen arbasoei zin eginez agindutako lurralde ederra,

36. Jefuneren seme Kalebek izan ezik: honek, bai, ikusiko du, eta berari eta beraren ondorengoei emango diet ikertzen ibili den lurraldea, guztiz leiala izan baitzait.

37. «Zuen erruz, nirekin ere haserretu egin zen Jauna, eta esan zidan: Zu zeu ere ez zara lurralde horretan sartuko.

38. Nunen seme Josue, zure laguntzailea, izango da sartuko dena. Emaiozu adore, berak eskuratuko baitio lurraldea Israel herriari.

39. Zuen seme-alabak, gatibu eroriko zirela zeniotenak, ongia eta gaizkia bereizteko gai ez diren haurrak, sartuko dira lurraldean: horiei emango diet eta bertako jabe izango dira.

40. Zuei dagokizuenez, egin bira eta jo basamorturantz, Itsaso Gorrirantz.

41. «Zuek erantzun zenidaten: “Bekatu egin dugu Jaunaren aurka! Baina orain borroka egingo dugu, Jaunak geure Jainkoak agindu digun bezala”. Eta guztiok armak hartu zenituzten, mendira aise igoko zinetelakoan.

42. Baina Jaunak esan zidan: Agindu ez igotzeko borrokara, ni ez bainago beraiekin. Etsaiek hondatu egingo dituzte.

43. «Esan nizuen arren, ezentzun egin zenidaten. Desobeditu egin zenioten Jaunari eta, zeuen ausarkerian, mendira igo zineten.

44. Orduan, mendialdean bizi ziren amortarrek, bidera irten eta erle-piloak bezala pertsegituz, garaitu egin zintuzteten Seirtik Hormaraino.

45. Itzuleran, negar egin zenuten Jaunaren aurrean, baina ez zizuen aditu, ez jaramonik egin.

46. Horregatik gelditu zineten hainbeste denbora Kadexen bizitzen.

Irakurri kapitulu osoa Deuteronomioa 1