Itun Zaharra

Itun Berria

Deuteronomioa 1:13-31 Elizen Arteko Biblia (EAB)

13. Aukera itzazue leinu bakoitzetik gizon jakintsu, buruargi eta trebatuak, eta zuen buru ezarriko ditut.

14. «Nire proposamenari ongi irizten zeniotela erantzun zenidaten.

15. Orduan, zuen artetik gizon jakintsu eta trebatuak hartu eta zuen buru ezarri nituen: mila, ehun, berrogeita hamar eta hamarreko taldeen buru; eta leinuentzat funtzionarioak izendatu nituen.

16. «Agindu hauek eman nizkien zuen epaileei: “Herritarren auziak entzun eta zuzenbidez erabakiko dituzue, auziok beste herritarrekin nahiz etorkinekin izan.

17. Ez duzue alderdikeriaz epaituko: entzun txikiei handiei bezala, eta ez izan inoren beldur, Jainkoa baita benetako epailea. Auziren bat zailegia gertatzen bazaizue, jo niregana eta neuk erabakiko dut”.

18. Aldi hartan bertan, egin behar zenuten guztiaz aginduak eman nizkizuen.

19. «Beraz, Jaunak gure Jainkoak agindu bezala, Horebetik abiatu eta ikusi duzuen basamortu handi eta beldurgarri honetan barrena ibili ginen, amortarren mendialdera bidean, Kadex-Barneara iritsi arte.

20. Orduan esan nizuen: Jaunak gure Jainkoak ematen digun amortarren mendialdera iritsi zarete.

21. Begira, Jaunak zeuen Jainkoak eskura ematen dizue lurraldea. Joan eta jabetu hartaz, Jaunak zuen arbasoen Jainkoak hitzeman bezala. Ez izan beldur! Ez kikildu!

22. «Zuek niregana etorri eta esan zenidaten: Bidal ditzagun aurretik zenbait gizon lurraldea ikertzera, zein bidetatik joan eta zein hiritara sartu jakinaraz diezaguten.

23. «Ongi iruditu zitzaidan proposamena, eta hamabi gizon bereizi nituen, leinu bakoitzeko bat.

24. Haiek mendialderantz abiatu eta, Exkol ibarrera iritsirik, inguruak ikertu zituzten.

25. Hango zenbait fruitu hartu zuten eta, itzultzean, Jaunak geure Jainkoak ematen zigun lurraldea ederra zela adierazi ziguten.

26. «Zuek, ordea, ez zenuten igo nahi izan, baizik eta Jaunaren zeuen Jainkoaren esana desobeditu

27. eta etxoletan marmarrean hasi zineten, esanez: Gorrotoa digulako atera gaitu Jaunak Egiptotik, amortarren esku utzi eta suntsitzeko.

28. Nora joko dugu orain? Mandatariek adore gabe utzi gaituzte esanez, hango jendea gu baino handiagoa eta indartsuagoa dela, hiriak handiak, zerurainoko harresiz inguratuak, eta Anak erraldoiaren ondorengoak ere ikusi dituztela.

29. «Nik esan nizuen: Ez ikaratu! Ez izan haien beldur!

30. Jauna zeuen Jainkoa aurretik doakizue eta zuen alde borrokatuko da, Egipton zuen begi-bistan egin zuen bezala;

31. basamortuan ere ikusi ahal izan duzue nola Jaunak zeuen Jainkoak, aitak bere haurra bezala, ekarri zaituzten honaino bide guztian zehar.

Irakurri kapitulu osoa Deuteronomioa 1