Itun Zaharra

Itun Berria

Deuteronomioa 1:1-13 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Hauek dira Moisesek Israel herri osoari zuzenduriko hitzaldiak, Jordanez beste aldean, basamortuan, Sufen aurrez aurre dagoen haranean, hau da, Paran eta Tofel, Laban, Hatzerot eta Di-Zahaben arteko haranean.

2. Hamaika eguneko ibilaldia dago Horebetik Kadex-Barnearaino Seir mendialdeko bidetik.

3. Berrogeigarren urteko hamaikagarren hilaren lehen egunean mintzatu zitzaien Moises israeldar guztiei, Jaunak aginduriko guztia adieraziz,

4. Hexbonen bizi zen amortarren errege Sihon eta Axtarot-en eta Edrei-n bizi zen Baxango errege Og garaitu eta gero.

5. Moises ondorengo irakaspena azaltzen hasi zitzaien israeldarrei Jordanez beste aldean, Moab lurraldean.

6. Moisesek esan zuen: «Honela mintzatu zitzaigun Jauna geure Jainkoa Horeb mendian: Luzaro egon zarete jadanik mendi honen ondoan.

7. Abia zaitezte eta joan amortarren mendialde eta inguruetara: haranera, mendialdera eta Xefela lautadara, Negevera eta kostaldera, kanaandarren lurraldera eta Libanora, Eufrates ibai handiraino.

8. Hara, eskura ematen dizuet lurralde hori: joan eta jabetu nik, Jaun honek, zuen arbaso Abraham, Isaak eta Jakobi eta beraien ondorengoei zin eginez agindutako lurraldeaz.

9. «Orduan esan nizuen: Nik bakarrik ezin zaituztet eraman:

10. Jaunak zeuen Jainkoak ugaldu egin zaituzte eta, egun, zeruko izarrak bezain ugari zarete.

11. Jaunak zeuen arbasoen Jainkoak mila bider ugariago egin eta bedeinka zaitzatela, hitzeman dizuen bezala.

12. Baina nola eraman dezaket nik bakarrik zuen arazo eta auzien zama?

13. Aukera itzazue leinu bakoitzetik gizon jakintsu, buruargi eta trebatuak, eta zuen buru ezarriko ditut.

Irakurri kapitulu osoa Deuteronomioa 1