Itun Zaharra

Itun Berria

Daniel 9:5-15 Elizen Arteko Biblia (EAB)

5. Baina guk bekatu egin dugu, gaiztoak izan gara eta zure aurka atera, zure agindu eta erabakietatik urrunduz.

6. Ez diegu jaramonik egin zure zerbitzari profetei, zure izenean gure errege eta buruzagiei, gure arbaso eta herri osoari hitz egin dietenean.

7. Jauna, zu bakarrik zuzena! Gu, ordea, lotsa gorrian gaude: Jerusalemgo bizilagunok, Judako herria, israeldar guztiak, hemen bizi garenok eta urrutikoak, zurekiko desleial izateagatik beste lurraldeetara sakabanatu dituzunak.

8. «Bai, Jauna, lotsaturik gaude, geu eta gure erregeak, gure buruzagi eta gurasoak, bekatu egin baitugu zure aurka!

9. Baina zure aurka jaiki bagara ere, zu, Jainko Jaun hori, gupidatsua zara eta barkatzen dakizuna!

10. Ez dizugu entzun, zeure zerbitzari profeten bidez emandako legeak betetzeko eskatu diguzunean.

11. Israel herri osoak hautsi egin du zure legea, eta bizkarra eman dizu zure esana ez betetzearren. Horregatik erori zaigu gainera zure zerbitzari Moisesen legean idatzitako madarikazioa, zure aurka bekatu egin dugulako.

12. Bete egin duzu, gure eta gure gobernarien aurka eman zenuen hitza, beste inon ere ikusi ez den bezalako zoritxar izugarria Jerusalemera bidaliz.

13. Moisesen legean idatzirik dagoen bezalaxe, hain zuzen, etorri zaigu gainera hainbesteko zoritxar hau; hala ere, Jauna, ez gara zure haserrea baretzen ahalegindu, gure bekatuetatik urrunduz eta zure leialtasuna aitortuz.

14. Horregatik, erne egon zara guri zoritxar hau bidaltzeko. Izan ere, zu, Jauna, gure Jainkoa, zuzena zara egiten duzun guztian; baina guk entzungor egin diogu zure esanari.

15. «Jauna, gure Jainkoa, ahalmen handiz atera zenuen herria Egiptotik eta izen handia zeureganatu duzu gaurdaino; guk, berriz, bekatu egin dugu eta gaizki jokatu.

Irakurri kapitulu osoa Daniel 9