Itun Zaharra

Itun Berria

Daniel 9:12-26 Elizen Arteko Biblia (EAB)

12. Bete egin duzu, gure eta gure gobernarien aurka eman zenuen hitza, beste inon ere ikusi ez den bezalako zoritxar izugarria Jerusalemera bidaliz.

13. Moisesen legean idatzirik dagoen bezalaxe, hain zuzen, etorri zaigu gainera hainbesteko zoritxar hau; hala ere, Jauna, ez gara zure haserrea baretzen ahalegindu, gure bekatuetatik urrunduz eta zure leialtasuna aitortuz.

14. Horregatik, erne egon zara guri zoritxar hau bidaltzeko. Izan ere, zu, Jauna, gure Jainkoa, zuzena zara egiten duzun guztian; baina guk entzungor egin diogu zure esanari.

15. «Jauna, gure Jainkoa, ahalmen handiz atera zenuen herria Egiptotik eta izen handia zeureganatu duzu gaurdaino; guk, berriz, bekatu egin dugu eta gaizki jokatu.

16. Zuzena zarelako, Jauna, urrundu Jerusalemdik, zeure hiri eta mendi santutik, zeure haserrea eta sumina. Gure hoben eta gurasoen egintza gaiztoengatik irainez betetzen dituzte Jerusalem eta zure herria inguruan bizi diren guztiek.

17. Entzun, bada, Jauna, gure Jainkoa, nire otoitza eta erregua. Begira onginahiz zeure santutegi hondatuari. Zarena zarelako, Jauna!

18. Ene Jainko, entzun eta begira: ikusi zeuri sagaraturiko hiriaren hondamena. Ez dizkizugu egiten erreguok ezer merezi dugulakoan, zure errukia handia delako baizik.

19. Entzun, Jauna! Barkatu, Jauna! Begira, Jauna! Zarena zarelako, ekin luzatzeke zeuri sagaraturiko hiri eta herri honen alde.

20. «Artean otoitzean ari nintzen, neure bekatuak eta Israelenak aitortzen, eta Jaunari, neure Jainkoari, bere mendi santuaren alde erreguka.

21. Eta bat-batean, aurreko ikuskarian agertu zitzaidan Gabriel aingerua bera etorri zitzaidan hegan. Arratsaldeko oparia eskaintzen den ordua zen.

22. Honela esan zidan:«Daniel, ulertzen laguntzera etorri natzaizu.

23. Zu otoitzean hasi bezain laster, mezu bat eman du Jainkoak, eta horren berri ematera natorkizu, bereziki maite baitzaitu Jainkoak. Ahalegin zaitez, beraz, mezua eta ikuskariaren esanahia ulertzen.

24. «Zazpi urteko hirurogeita hamar denboraldi daude erabakita zure herriarentzat eta hiri santuarentzat. Beharrezkoa da denboraldi hori, errebeldiari amaiera emateko, bekatuen barkamena lortzeko eta zuzentasun iraunkorra ezartzeko, ikuskariak eta profeziak beren betera eramateko eta toki santu-santua sagaratzeko.

25. Hauxe da jakin eta ulertu behar duzuna: Erbestetik itzuli eta Jerusalem berreraikitzeko mezua agertu zenetik buruzagi sagaratua agertu arte, zazpi urteko zazpi denboraldi igaroko dira; zazpi urteko hirurogeita bi denboralditan erbestetik etorri eta hiria eta honen kale eta harresiak egingo dituzte, baina garai zailak izango dira.

26. Hirurogeita bi denboraldien buruan gizon sagaratu bat hilko dute, inork ere lagunduko ez diolarik. Gero, buruzagi bat etorriko da bere gudarostearekin, hiria eta santutegia erraustuz. Uholde baten antzera etorriko da azkena. Gerrak eta hondamena izango dira ordu arte, Jainkoak erabaki bezala.

Irakurri kapitulu osoa Daniel 9