Itun Zaharra

Itun Berria

Daniel 8:15-27 Elizen Arteko Biblia (EAB)

15. «Nik, Danielek, ikuskariari begira eta haren esanahia ulertu nahian nenbilela, gizon antzeko bat ikusi nuen zutik neure aurrean.

16. Eta Ulai ibaitik zetorren giza ahots bat entzun nuen deiadarka: “Gabriel, argi iezaiozu gizon horri ikuskaria”.

17. «Orduan, Gabriel ondora hurbildu zitzaidan. Izuturik ahuspez erori nintzen; baina hark esan zidan: “Gizona, uler ezazu ikuskaria azken aldiari buruz ari dela”.

18. «Hitz egiten ari zitzaidan bitartean, zorabiaturik ahuspez erori nintzen. Hark ukitu eta altxarazi egin ninduen.

19. Gero, esan zidan: “Jainkoaren haserrea bere betera iristean gertatuko dena agertuko dizut, azkena erabakia baitago.

20. Ikusi duzun ahariaren bi adarrak mediarren eta pertsiarren erreinuak dira.

21. Akerra, aldiz, greziarren erreinua da, eta begi arteko adar handia erreinu horren lehen erregea.

22. Adar hura haustean, haren ordez atera zitzaizkion beste lau adarrek haren jatorritik sorturiko lau erreinuak adierazten dituzte. Haren tokia hartuko dute, baina ez dute izango haren indarrik.

23. Haien erregetzaren amaieran, gaiztakeriak gainezka egitean, errege lotsagabe eta maltzur bat sortuko da.

24. Indar handia izango du eta izugarrizko hondamena egingo. Ongi aterako da bere egintza guztietan, jende ahaltsua eta herri santua bera ere suntsitu arte.

25. Denak engainatuko ditu bere maltzurkeriaz. Harropuztu egingo da eta lasai zeuden herri asko suntsituko ditu. Printzeen Printzearen beraren aurka jaikiko da. Baina desegina izango da, giza laguntzarik gabe.

26. Arratsaldeko eta goizeko opariari buruz izandako ikuskaria egiazkoa da. Zuk, ordea, gorde isilpean ikusi duzuna, hemendik denbora askora gertatuko baita!”

27. «Orduan, ni, Daniel, zorabiatu egin nintzen eta egunetan egon nintzen gaixo. Ongi jarri nintzenean, erregearen arazoen ardura berriro hartu nuen neure gain. Baina artean oso txunditurik nengoen ikuskariagatik, ez bainuen ulertzen haren esanahia.

Irakurri kapitulu osoa Daniel 8