Itun Zaharra

Itun Berria

Daniel 7:13-24 Elizen Arteko Biblia (EAB)

13. «Nire gau-ikuskarietan, gizaseme antzeko bat ikusi nuen zeruetako hodeietan etortzen. Gizon zaharrarengana hurbildu zenean, honi aurkeztu zioten.

14. Agintea, aintza eta erregetza eman zizkioten: herri, nazio eta hizkuntza guztietako jendeak zerbitzatzen zuen.«Haren aginteak beti iraungo du,ez du azkenik izango,haren erregetzaez da inoiz hondatuko.

15. «Ikara larrian nengoen ni, Daniel, neure barruan, ikusten ari nintzen guztiengatik.

16. Zutik zeuden haietako batengana hurbildu eta ikusi nuen guztiaren egiazko esanahia azaltzeko eskatu nion. Guztiaren argitasuna eman zidan hark:

17. Lau piztitzar horiek munduan sortuko diren lau erreinu dira.

18. Baina horien ondoren, Goi-goikoaren herri santuari emango zaio erreinua, eta harena izango da betiko.

19. «Gero, laugarren piztitzar hura zer izan zitekeen jakin nahi nuen, hain baitzen besteak ez bezalakoa: guztiz ikaragarria zen, burdinazko haginak eta brontzezko atzaparrak zituena; dena irensten eta txikitzen zuen, jan gabe uzten zuena hankapean apurtzen zuelarik.

20. Jakin nahi nuen orobat zer esan nahi ote zuten haren buruko hamar adarrek, baita besteen artean atera eta hauetariko hiru erauzi zizkion adar txikiak ere; baita zergatik zituen adar txikiak begiak eta harrokeriazko hitzak zerizkion ahoa, eta zergatik agertzen zen besteak baino handiago.

21. «Begira nengoela, adar hura Jainkoaren herri santuaren kontra borrokan ari zen eta ia menderaturik zeukan;

22. baina etorri zen gizon zaharra eta goi-goiko Jainkoaren herri santuaren alde atera zen, heldua baitzen herri santua erreinuaren jabe egiteko garaia.

23. «Ondoren, honela hitz egin zidan: Laugarren piztia lur gainean izango den laugarren erreinua da, beste hirurak ez bezalakoa. Mundu osoa irentsiko du, hanka azpian hartuko eta txikituko.

24. Hamar adarrak, erreinu honetan izango diren hamar errege dira. Ondoren, beste bat etorriko da, aurrekoak ez bezalakoa, haietako hiru errege menderatu eta gero.

Irakurri kapitulu osoa Daniel 7