Itun Zaharra

Itun Berria

Daniel 5:1-14 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Belxatzar erregeak mila goi-funtzionario gonbidatu zituen otordu handi baterako, eta haiekin batera ardoa edaten hasi zen.

2-3. Ardoak beroturik, bere aita Nabukodonosorrek Jerusalemgo tenplutik hartu zituen urre eta zilarrezko ontziak ekartzeko agindu zuen, bere funtzionario, emazte eta ohaideekin batera beraietatik edateko asmoz. Ekarri zituzten, bada, Jerusalemgo Jainkoaren etxetik hartutako urre eta zilarrezko ontziak eta guztiek beraietatik edan zuten.

4. Ardoa edaten zuten bitartean, urre, zilar, brontze, burdina, zur eta harrizko jainko-irudiak goresten hasi ziren.

5. Bat-batean, giza esku bat agertu zen eta aretoko paretan, argimutilaren atzean, behatzez idazten hasi zen. Idazten ari zen eskua ikustean,

6. zuri-zuri jarri zen erregea eta, bere burutazioek beldurturik, indarrik gabe eta belaunak dardaraz gelditu zen.

7. Deiadarka hasi zen, aztiak, astrologoak eta igarleak ekartzeko aginduz. Honela esan zien: «Hor idatzia eta berorren esanahia azalduko didana purpuraz jantziko dut, lepoan urrezko katea jarriko diot eta agintez hirugarrena izango da nire erreinuan».

8. Aurkeztu ziren, bada, erregearen zerbitzura zeuden jakitun guztiak; baina ez ziren idatzia irakurtzeko gauza izan, ezta haren esanahia erregeari azaltzeko ere.

9. Izu-ikaraturik zegoen Belxatzar eta erabat zurbildurik. Funtzionarioak ere guztiz izuturik zeuden, zer egin ez zekitela.

10. Ama erreginak entzun zituen erregearen eta funtzionarioen deiadarrak eta, otorduko aretoan sarturik, esan zuen: «Bizi zaitez luzaro, jauna! Ez zaitzatela zeure burutazioek izutu; ez daukazu zertan zurbildurik.

11. Badago zure erreinuan jainko santuen espiritua duen gizon bat. Zure aitaren garaian, jainkoek bakarrik dauzkaten buru argia, trebetasuna eta jakinduria aurkitu genituen delako horrengan. Hain zuzen, zure aita Nabukodonosorrek aztien, igarleen eta astrologoen buru izendatu zuen bera.

12. Berebiziko espiritua, ezaguera eta trebetasuna ditu ametsen esanahia argitzeko, asmakizunak igartzeko eta gauza korapilotsuak erabakitzeko. Daniel da, erregeak Beltxatzar izena ezarri ziona. Ekar ezazu, bada, gizon hori: berak azalduko dizu idatziaren esanahia».

13. Ekarri zuten, bada, Daniel erregeagana eta honek galdetu zion:—Zu al zaitugu Daniel, nire aitak Judatik gatibu ekarri zituen juduetakoa?

14. Jainkoen espiritua duzula eta berebiziko buruargitasun, trebetasun eta jakinduriaren jabe zarela entzun dut.

Irakurri kapitulu osoa Daniel 5