Itun Zaharra

Itun Berria

Daniel 4:10-23 Elizen Arteko Biblia (EAB)

10. «Oraindik ohean nengoela, zerutik zetorren aingeru zaindari bat ikusi nuen ikuskarian.

11. Ozenki egin zuen oihu, esanez:«Bota zuhaitza,moztu adarrak,kendu hostoak,jaurti behera fruituak!Ihes egin bezatehonen azpitik piztiek,baita adarretatik hegaztiek ere.

12. Utzi lurrean, ostera,zuhaitzondoa bere erroekin,lotu burdinazkoeta brontzezko kateez,eta geldi bedi zelaiko belarretan.Busti beza ortziko ihintzak,janaritu bedi belarrez,abereak bezala.

13. Ez du giza adimenik izango,abereen sena baizik.Zazpi urtez biziko da horrela!

14. Aingeru santuak erabakia da hau,bizidun guztiek jakin dezatenGoi-goikoa delagiza erreinu guztien jabea:nahi duenariematen dio berak erregetzaeta gizakietan apalenaerrege-aulkira jasotzen.

15. «Hauxe da nik, Nabukodonosor erregeak, izan dudan ametsa. Orain zuk, Beltxatzar, azaldu ametsaren esanahia. Erreinuko jakitun guztiak ez dira gai izan hori azaltzeko; zuk, ordea, egin dezakezu, jainko santuen espirituak gidatzen baitzaitu».

16. Daniel, Beltxatzar ere deitua, harri eta zur gelditu zen une batez, bere burutazioek beldurtuta. Erregeak esan zion:—Beltxatzar, ez izutu ametsa eta beronen esanahia direla eta.Beltxatzarrek erantzun zion:—Izan bedi zure etsaientzat amets honek adierazten duena.

17. Zuhaitz handia eta sendoa ikusi duzu, garaieraz zerurainokoa, munduaren azken ertzetik ikus zitekeena.

18. Haren hostoak ederrak ziren eta sorkari guztiak asetzeko adina fruitu zuen. Basapiztiek abaro egiten zuten haren itzalean eta hegaztiek habia adarretan.

19. Errege jauna, zeu zara zuhaitz hori! Handi eta sendo egin zara zeu ere; zeruraino iritsi da zure handitasuna, lurraren ertzeraino zabaldu zure boterea.

20. Gero, aingeru zaindaria ikusi duzu zerutik jaisten; honela zioen: «Bota zuhaitza eta txikitu! Zuhaitzondoa, ostera, utzi lurrean bere erroekin eta lotu burdinazko eta brontzezko kateez zelaiko belarretan. Busti beza zeruko ihintzak eta bizi bedi horrela zazpi urtez basapiztien antzera».

21. Errege jauna, hara esanahia, hara Goi-goikoak zuri buruz hartu duen erabakia:

22. Gizartetik botako zaituzte, basapiztien artean biziko zara, belarra jango duzu idiek bezala eta ortziko ihintzak bustiko zaitu. Zazpi urtez egongo zara horrela, Goi-goikoa giza erreinu guztien jabea dela eta berak nahi duena ezartzen duela errege aitortuko duzun arte.

23. Zuhaitzondoa eta erroak uzteko aginduak, berriz, hauxe esan nahi du: denen jabea zeruko Jainkoa dela aitortuko duzunean, errege izango zarela berriro.

Irakurri kapitulu osoa Daniel 4