Itun Zaharra

Itun Berria

Daniel 11:4-14 Elizen Arteko Biblia (EAB)

4. Hala ere, bere nagusitza nahiko finkatua dukeenean, zatitua eta ortziko lau ertzetara sakabanatua izango da. Ez dute errege haren jatorrikoek beraren oinordekotza hartuko; beste jende batzuen artean banatuko dute, eta ez du lehengo indarrik izango.

5. «“Hegoaldeko erregea ahaltsua izango da; haren gudalburuetako bat indartsuago egingo da, ordea, eta aginte handiagoa izango du.

6. Urte batzuen buruan elkartasuna egingo dute: hegoaldeko erregearen alaba iparraldeko erregearekin ezkonduko da, bakezkoak egiteko. Baina asmo honek porrot egingo du. Izan ere, bizia galduko dute, bai berak, baita beraren senar, seme eta zerbitzariek ere.

7. Hala ere, haren jatorriko bat jaikiko da. Iparraldeko erregearen gudarosteari erasoko dio, haren gotorlekua hartu eta menderatu egingo du.

8. Gainera, lurralde hartako jainkoen irudiak eta tenpluetako zilar eta urrezko ontzi baliotsuak Egiptora eramango ditu. Urte batzuetan bakean utziko du iparraldeko erregea.

9. Gero, honek egingo dio eraso berari, baina atzera egin beharrean gertatuko da.

10. «“Iparraldeko erregearen semeak gerrarako prestatuko dira, gudaroste handiak bilduz. Seme horietako bat uholde baten antzera sartuko da bere gudariekin hegoaldeko mugetan barrena. Itzultzean, etsaiaren gotorleku bati erasoko dio.

11. Amorru bizian, kontraerasoa antolatuko du hegoaldeko erregeak iparraldekoaren kontra. Honek gudaroste handi batekin egingo dio aurre, baina haren menpe eroriko da gudarostea.

12. Iparraldeko gudarostea suntsitzean, hegoaldeko erregea harropuztu egingo da; baina, etsaiari milaka gudari hilagatik, ez du luzaroan iraungo agintean.

13. Urte batzuk geroago, iparraldeko erregeak lehen baino gudaroste handiagoa bildu eta berriro erasoko dio guda-tresna ugariz.

14. Garai hartan asko jaikiko dira hegoaldeko erregearen aurka; haien artean zure herriko gizon oldarkor batzuk ere bai, goi-ikuskariren bat betetzen dutelakoan, baina porrot egingo dute.

Irakurri kapitulu osoa Daniel 11