Itun Zaharra

Itun Berria

Daniel 11:30-45 Elizen Arteko Biblia (EAB)

30. Mendebaldetik erromatarren itsasontziek erasoko diote. Adorea galdurik, atzera egin beharko du; orduan, itun santuko herriaren aurka hustuko du bere amorrua; horretarako, itun santua alde batera utzi dutenen laguntzaz baliatuko da.

31. Santutegia eta tenpluko gotorlekua profanatu egingo dituzte haren gudariek, eguneroko oparia kendu eta idolo higuingarria ezarriko aldare gainean.

32. Bide okerrera eramango ditu zurikeriazko promesez ituna hautsi dutenak. Baina sendo iraungo dute eta gogor ekingo Jainkoa aintzakotzat hartzen dutenek.

33. Herriko jakintsuek jende askori irakatsiko diote; baina epe baten barruan, hil edo erre egingo dituzte, gatibu eraman edo ondasunak kendu.

34. Laguntza gutxi hartuko dute erasoaldi hauetan, elkartuko zaizkienek ere maltzurkeriaz jokatuko baitute.

35. Jakintsuen artetik batzuk erortzen badira, azkenaldia heldu aurretik herria probatzeko, garbitzeko eta berritzeko izango da, epea erabakia baitago.

36. «“Nahi duena egingo du iparraldeko erregeak. Harrokeriaz puzturik, jainkoak baino handiagoa dela pentsatuko du eta irain izugarriak botako ditu jainkoen Jainkoaren aurka. Ongi aterako zaio dena, Jainkoaren zigorra iritsiko den arte. Beteko baita erabakita dagoena.

37. Errege honek ez die izango begirunerik beraren arbasoek gurtu zituzten jainkoei, ez emakumeek begiko duten jainkoari, ezta beste edozein jainkori ere; jainko guztiak baino handiagotzat joko baitu bere burua.

38. Horien ordez, gotorlekuetako jainkoa gurtuko du, eta beraren gurasoek ezagutu ez zuten jainkoari urrea, zilarra, harribitxiak eta gauzarik baliotsuenak eskainiko dizkio.

39. Jainko arrotz horren laguntzaz erasoko die gotorlekuei. Ohorez beteko ditu jainko hori onartzen dutenak, jende askoren agintari egingo ditu eta lurrak emango dizkie sari.

40. «“Azken garaia iristean, hegoaldeko erregeak erasoko dio; baina iparraldeko erregea gainera jausiko zaio gurdi, zaldizko eta itsasontzi askorekin; uholdea bezala igaroko da.

41. Lurralde Guztiz Ederrera ere iritsiko da, eta jende asko eroriko da bertan; edomdarrak, moabdarrak eta amondarren buruzagiak, ordea, libratu egingo dira.

42. Beste lurraldeetara ere zabalduko du bere agintea, Egipto bera ere ez da libratuko.

43. Egiptoko urre, zilar eta altxor guztien jabe egingo da. Libiarren eta etiopiarren txanda izango da hurrengoa.

44. Baina iparraldetik eta ekialdetik etorriko zaizkion albisteek asaldatu egingo dute; orduan, amorru bizian irtengo da jende asko suntsitzeko asmoz.

45. Itsasoaren eta mendi santu ederraren artean jarriko du errege-kanpalekua. Hantxe iritsiko zaio azkena; ez zaio etorriko inortxo ere laguntzera.

Irakurri kapitulu osoa Daniel 11