Itun Zaharra

Itun Berria

Daniel 11:24-35 Elizen Arteko Biblia (EAB)

24. Inork gutxien uste duenean, eskualdeko lurrik aberatsenetara sartuko da eta beraren arbasoak egiten ausartu ez zirena egingo du: bere gizonen artean banatuko ditu lapurtutako harrapakinak eta aberastasunak. Azpijokoz gotorlekuak hartzeko asmotan ibiliko da. Baina denbora gutxirako izango da.

25. «“Bere indar eta ausardiaz fidaturik, hegoaldeko erregeari erasoko dio gudaroste handi batez. Hegoaldeko erregea, berriz, gudaroste guztiz handiarekin aterako zaio aurka; baina honek ezin izango dio aurre egin, haren azpijokoek hondatuko dute eta;

26. laguntzailerik gertukoenek salduko dute, beraren gudarostea hondatua izango da eta gudari asko hilak.

27. Gero, mahaian eseriko dira bi erregeak; baina asmo txarrez beterik egongo direnez, gezurra besterik ez diote elkarri esango. Ez dute ezer onik aterako, ez baita artean azken epea betea izango.

28. Iparraldeko erregea bere lurraldera itzuliko da aberastasun handirekin, eta itun santuko herria hondatzea erabakiko du, eta, erabakia betetzean, bere herrira itzuliko da.

29. «“Bere garaian, hegoaldeko erreinuaren aurka joango da berriro; baina orduan ez zaizkio aterako gauzak lehen bezala.

30. Mendebaldetik erromatarren itsasontziek erasoko diote. Adorea galdurik, atzera egin beharko du; orduan, itun santuko herriaren aurka hustuko du bere amorrua; horretarako, itun santua alde batera utzi dutenen laguntzaz baliatuko da.

31. Santutegia eta tenpluko gotorlekua profanatu egingo dituzte haren gudariek, eguneroko oparia kendu eta idolo higuingarria ezarriko aldare gainean.

32. Bide okerrera eramango ditu zurikeriazko promesez ituna hautsi dutenak. Baina sendo iraungo dute eta gogor ekingo Jainkoa aintzakotzat hartzen dutenek.

33. Herriko jakintsuek jende askori irakatsiko diote; baina epe baten barruan, hil edo erre egingo dituzte, gatibu eraman edo ondasunak kendu.

34. Laguntza gutxi hartuko dute erasoaldi hauetan, elkartuko zaizkienek ere maltzurkeriaz jokatuko baitute.

35. Jakintsuen artetik batzuk erortzen badira, azkenaldia heldu aurretik herria probatzeko, garbitzeko eta berritzeko izango da, epea erabakia baitago.

Irakurri kapitulu osoa Daniel 11