Itun Zaharra

Itun Berria

Daniel 11:14-28 Elizen Arteko Biblia (EAB)

14. Garai hartan asko jaikiko dira hegoaldeko erregearen aurka; haien artean zure herriko gizon oldarkor batzuk ere bai, goi-ikuskariren bat betetzen dutelakoan, baina porrot egingo dute.

15. Iparraldeko erregea izango da berriro erasoan eta hiri gotor bat hartuko du. Hegoaldeko indarrek ezin izango diote aurre egin, ezta gudari aukeratuenek ere.

16. Nahi duena egingo du iparraldekoak, ezin izango baitio inork eutsi. Lurralde Guztiz Ederrean geratuko da, hondamena ekarriz.

17. Bere indar guztiekin hegoaldeko erreinuaz jabetzea erabakiko du. Horretarako, hegoaldeko erregearekin hitzarmena egingo du, alaba emaztetzat emanez, haren erreinua hondatzeko asmoz; baina ez du lortuko bere xedea.

18. Gero, kostaldeko lurraldeetara joko du eta haietako asko hartuko ditu menpean; baina atzerriko buruzagi batek bukaraziko ditu haren harrokeriak, eta berak erantzuterik ez du izango .

19. Orduan, bere herrialdeko gotorlekuak hartzera joango da, baina arrakastarik gabe; bertan eroriko da, eta arrastorik ere utzi gabe desagertuko.

20. Beste errege bat izango da haren ordez; honek ordezkari bat bidaliko du Jerusalemgo tenpluko altxorraz jabetzera; denbora gutxiren barruan hau ere hil egingo dute, baina ez jendearen aurrean, ezta gerratean ere.

21. «“Honen ondoren gizon zital bat etorriko da, errege izateko eskubiderik gabea. Maltzurkeriaz eta azpikeriaz jabetuko da erreinuaz.

22. Erasoko dioten gudaroste guztiak suntsituko ditu, eta itunaren herriko buruzagi bat ere hilko du.

23. Aldeko dituenez baliatuz eta maltzurkeriaz jokatuz, gero eta indartsuago egingo da, berekin lagun gutxi izanik ere.

24. Inork gutxien uste duenean, eskualdeko lurrik aberatsenetara sartuko da eta beraren arbasoak egiten ausartu ez zirena egingo du: bere gizonen artean banatuko ditu lapurtutako harrapakinak eta aberastasunak. Azpijokoz gotorlekuak hartzeko asmotan ibiliko da. Baina denbora gutxirako izango da.

25. «“Bere indar eta ausardiaz fidaturik, hegoaldeko erregeari erasoko dio gudaroste handi batez. Hegoaldeko erregea, berriz, gudaroste guztiz handiarekin aterako zaio aurka; baina honek ezin izango dio aurre egin, haren azpijokoek hondatuko dute eta;

26. laguntzailerik gertukoenek salduko dute, beraren gudarostea hondatua izango da eta gudari asko hilak.

27. Gero, mahaian eseriko dira bi erregeak; baina asmo txarrez beterik egongo direnez, gezurra besterik ez diote elkarri esango. Ez dute ezer onik aterako, ez baita artean azken epea betea izango.

28. Iparraldeko erregea bere lurraldera itzuliko da aberastasun handirekin, eta itun santuko herria hondatzea erabakiko du, eta, erabakia betetzean, bere herrira itzuliko da.

Irakurri kapitulu osoa Daniel 11