Itun Zaharra

Itun Berria

Daniel 1:7-21 Elizen Arteko Biblia (EAB)

7. Jauregiko funtzionarioburuak izen berriak eman zizkien: Danieli Beltxatzar izena eman zion, Hananiasi Xadrak, Mixaeli Mexak eta Azariasi Abed-Nego.

8. Baina Danielek, bere burua erregearen jan-edariz ez kutsatzea erabakia zuenez, janari kutsatu haietara ez behartzeko eskatu zion jauregiko funtzionarioburuari.

9. Jainkoaren eraginez, funtzionarioburuaren onginahia bereganatu zuen Danielek;

10. hala ere, hau erantzun zion hark: «Erregeak berak erabaki du zuek zer jan behar duzuen; horregatik naiz beldur, zeren eta, beste gazteei baino itxura txarragoa ikusiko balizue, nire bizia jarriko baitzenukete arriskuan».

11. Funtzionarioburuak Daniel, Hananias, Mixael eta Azarias zaintzaile baten ardurapean jarriak zituen, eta Danielek proposamen hau egin zion zaintzaileari:

12. «Egizu proba gurekin hamar egunez: ez eman jaten eta edaten barazkiak eta ura besterik.

13. Epe horren ondoren konparatu gure itxura eta erregearen janaritik jaten duten gazteena, eta jokatu orduan gurekin ikusitakoaren arabera».

14. Morroiak onartu zuen proposamena, eta hamar eguneko proba egin zuen haiekin.

15. Hamar egunen buruan, erregearen janaritik jan zuten beste gazteak baino ederrago eta mardulago aurkitu zituen.

16. Ordudanik, aginduriko janaria eta edaria baztertuz, barazkiak bakarrik ematen zizkien.

17. Jainkoak lau gazte haiei idazki eta jakintza oro ulertzeko adimena eta buru argia eman zizkien. Bazuen Danielek ametsak eta ikuskarien esanahia argitzeko gaitasuna ere.

18. Aukeraturiko gazteak prestatzeko erregeak ezarri zuen epea betetzean, funtzionario-buruak Nabukodonosorri aurkeztu zizkion.

19. Haiekin hitz egiten jardun zuen erregeak, eta Daniel, Hananias, Mixael eta Azarias adinakorik ez zuen aurkitu. Harrezkero, beraz, bere zerbitzurako hartu zituen.

20. Jakinduria eta buru argia eskatzen zuten arazoetan erregeak iritzia eskatzen zienean, haien erantzunak erreinuko azti eta igarle guztienak baino hamar aldiz hobeak iruditzen zitzaizkion.

21. Daniel han gelditu zen Ziro erregearen lehenengo urtea arte.

Irakurri kapitulu osoa Daniel 1