Itun Zaharra

Itun Berria

Ageo 2:8-19 Elizen Arteko Biblia (EAB)

8. Neurea dut zilarra, neurea urrea. Hala diot nik, Jaun ahalguztidunak.

9. Etxe honen ospea lehengoarena baino handiagoa izango da —hala diot nik, Jaun ahalguztidunak—, eta leku honetan emango dut bakea. Hala diot nik, Jaun ahalguztidunak».

10. Darioren erregealdiko bigarren urteko bederatzigarren hilaren hogeita lauan, berriro mintzatu zitzaion Jauna Ageo profetari,

11. eta Jaun ahalguztidunaren izenean legeari buruzko galdera hauek apaizei egiteko agindu zion:

12. «Eman dezagun norbaitek okela sagaratua daramala bere jantzian eta jantzi-ertzak ogia, eltzekoa, ardoa, olioa nahiz bestelako janariren bat ukitzen duela; janari hauek sagaratu bihurtzen ote dira?» Apaizek ezetz erantzun zuten.

13. Eta Ageok, berriro ere: «Eta eman dezagun, gorpu bat ukituz kutsatu den norbaitek gauza horietakoren bat ukitzen duela; ez ote da gauza hori kutsatua geldituko?» Apaizek baietz erantzun zuten.

14. Orduan, Ageok esan zuen: «Honela dio Jaunak: Halaxe da jende hau eta herri hau ere nire aurrean. Egiten duten eta eskaintzen didaten guztia kutsatua dago.

15. «Baina gaurtik aurrera egizue gogoeta. Tenplua eraikitzeko harriak jartzen hasi aurretik,

16. zer gertatu ohi zitzaizuen? Hogei anega zeudelakoan ale-pilara joan, eta hamar besterik ez; berrogeita hamar litro zeudelakoan dolarera joan, eta hogei besterik ez.

17. Egin duzuen guztia desegin dizuet gorrin, herdoil eta txingorraz, baina ez zarete inor niregana bihurtu.

18. Egizue gogoeta gaurtik aurrera. Gaur, bederatzigarren hilaren hogeita lauan, jarri dira nire tenpluaren oinarriak. Gogoeta egizue.

19. Mandioan ez zen alerik. Mahatsondoak, pikondoak, granadondoak eta olibondoak ez zuten fruiturik ematen. Gaurtik aurrera, ordea, bedeinkatu egingo zaituztet».

Irakurri kapitulu osoa Ageo 2