Itun Zaharra

Itun Berria

Ageo 2:15-23 Elizen Arteko Biblia (EAB)

15. «Baina gaurtik aurrera egizue gogoeta. Tenplua eraikitzeko harriak jartzen hasi aurretik,

16. zer gertatu ohi zitzaizuen? Hogei anega zeudelakoan ale-pilara joan, eta hamar besterik ez; berrogeita hamar litro zeudelakoan dolarera joan, eta hogei besterik ez.

17. Egin duzuen guztia desegin dizuet gorrin, herdoil eta txingorraz, baina ez zarete inor niregana bihurtu.

18. Egizue gogoeta gaurtik aurrera. Gaur, bederatzigarren hilaren hogeita lauan, jarri dira nire tenpluaren oinarriak. Gogoeta egizue.

19. Mandioan ez zen alerik. Mahatsondoak, pikondoak, granadondoak eta olibondoak ez zuten fruiturik ematen. Gaurtik aurrera, ordea, bedeinkatu egingo zaituztet».

20. Egun berean, hilaren hogeita lauan, Jauna berriro mintzatu zitzaion Ageori,

21. eta Judako gobernari Zorobabeli mezu hau emateko agindu zion: «Zeru-lurrak dardaraziko ditut.

22. Errege-tronuak irauli eta giza erreinuen ahalmena desegingo dut; guda-gurdiak eta gurdikoak irauliko ditut, eta zaldiak eta zaldizkoak eroriko dira, batak bestea ezpataz jota.

23. Egun hartan —hala diot nik, Jaun ahalguztidunak— neurekin hartuko zaitut, Xealtielen seme Zorobabel ene zerbitzari hori, eta neure zigilu egingo zaitut, neuk aukeratu baitzaitut. Hala diot nik, Jaun ahalguztidunak».

Irakurri kapitulu osoa Ageo 2