Itun Zaharra

Itun Berria

Ageo 2:1-11 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Zazpigarren hilaren hogeita batean, Ageo profetaren bitartez berriro mintzatu zen Jauna,

2. eta Xealtielen seme Zorobabel Judako gobernariari eta Jotzadaken seme Josue apaiz nagusiari eta herrian gelditzen zirenei hau esateko agindu zion:

3. «Ba al da inor zuen artean nire tenplua bere lehengo eder-handian ikusi zuenik? Eta orain nola dagoela iruditzen zaizue? Ez al duzue ikusten ezereztua dagoela?

4. Horregatik diot nik, Jaunak: Izan adore, Zorobabel! Izan adore, Jotzadaken seme Josue apaiz nagusia! Bai zuek ere, lurraldeko guztiok! Ekin lanari, ni zuekin bainaiz. Hala diot nik, Jaun ahalguztidunak.

5. Egiptotik atera zinetenean hitzeman nizuenez, nire espiritua zeuekin duzue: ez izan, bada, beldurrik!

6. Bai, honela diot nik, Jaun ahalguztidunak: Denbora gutxi barru, zeru-lurrei eta itsaso-lehorrei dardara eragingo diet.

7. Herri guztiak dardararaziko ditut, eta herri guztietako ondasunak hemen bilduko dira, eta neure etxea ospez beteko dut. Hala diot nik, Jaun ahalguztidunak.

8. Neurea dut zilarra, neurea urrea. Hala diot nik, Jaun ahalguztidunak.

9. Etxe honen ospea lehengoarena baino handiagoa izango da —hala diot nik, Jaun ahalguztidunak—, eta leku honetan emango dut bakea. Hala diot nik, Jaun ahalguztidunak».

10. Darioren erregealdiko bigarren urteko bederatzigarren hilaren hogeita lauan, berriro mintzatu zitzaion Jauna Ageo profetari,

11. eta Jaun ahalguztidunaren izenean legeari buruzko galdera hauek apaizei egiteko agindu zion:

Irakurri kapitulu osoa Ageo 2