Itun Zaharra

Itun Berria

2 Samuel 8:4-13 Elizen Arteko Biblia (EAB)

4. Mila eta zazpiehun zaldizko eta hogei mila oinezko atzeman zizkion; zalditeria osoari hanka-zainak ebaki zizkion, baina beretzat gorde zituen ehun guda-gurdi beren zaldiekin.

5. Damaskoko siriarrak Tzobako errege Hadadezerri laguntzera heldu ziren; baina Davidek hogeita bi mila gizon siriar hil zituen.

6. Davidek gobernariak ezarri zizkien Damaskoko siriarrei, eta haren menpeko eta zergapeko egin ziren siriarrak. Jaunak garaipena eman zion Davidi beronen guda-irtenaldi orotan.

7. Hadadezerren zerbitzariek zeramatzaten urrezko babeskiez jabetu eta Jerusalemera eraman zituen Davidek.

8. Hadadezerren hiri ziren Betah eta Berotaitik brontze ugari eraman zuen.

9. Hamateko errege Toi-k jakin zuen hondatua zuela Davidek Hadadezerren gudaroste osoa.

10. Orduan, Toik bere seme Joram bidali zion David erregeari, agurtzera eta Hadadezer erregea borrokatu eta hondatu zuelako zorionak ematera. Izan ere, Toi eta Hadadezer elkarren etsai ziren. Joramek urrezko, zilarrezko eta brontzezko ontzi eta tresnak eraman zizkion,

11. eta Davidek Jaunarentzat eskaini zituen, menpean hartutako herri guztien zilarra eta urrea ere eskainiak zituen bezala.

12. Aramearrei, moabdarrei, amondarrei, filistearrei, amalektarrei eta Tzobako errege Hadadezerri, Rehoben semeari, harrapatua zen hura guztia.

13. David ospetsua egin zen, aramearrak Gesaltza haranean hondatu eta, hemezortzi mila hil ondoren, itzuli zenean.

Irakurri kapitulu osoa 2 Samuel 8