Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24

Itun Zaharra

Itun Berria

2 Samuel 7 Elizen Arteko Biblia (EAB)

Jaunak Davidi ondorengotza hitzeman

1. David erregea bere etxean bizitzen jarri eta Jaunak inguruetako etsaiekiko lasaitasuna eman zionean,

2. esan zion erregeak Natan profetari:—Hara, zedrozko etxean bizi naiz ni; Jainkoaren kutxa, aldiz, oihal-etxolan dago.

3. Natanek erantzun zion erregeari:—Zoaz eta bete zeure asmoa, zeurekin baituzu Jauna.

4. Gau hartan, ordea, Jaunak hitz egin zion Natani, esanez:

5. «Zoaz eta esaiozu ene zerbitzari Davidi: Honela mintzo da Jauna: Etxea eraiki behar al didazu zuk, ni bertan bizi nadin?

6. Ez naiz inoiz ere etxe batean bizi izan, israeldarrak Egiptotik atera nituenetik egundaino; bizilekutzat oihal-etxola nuela ibilia naiz.

7. Israeldar ororekin batera ibili izan naizen bitarte osoan, esan al diet inoiz ene herri Israel zaintzeko agindu nien buruzagiei, niretzat zedrozko etxerik egiteko?»

8. Beste hau ere esan zion Jaunak Natani: «Esaiozu, gainera, ene zerbitzari Davidi: Hau dio Jaun ahalguztidunak: Nik atera zintudan larreetatik, artaldeen artetik, ene herri Israelen agintari izateko.

9. Zeurekin izan nauzu ibili zaren toki guztietan. Hondatu ditut aurrean jarri zaizkizun etsaiak oro. Lurreko handikiena bezain izen handia eman dizut.

10. Bizitokia emanen diot ene herri Israeli; hantxe errotu eta kokatuko dut. Aurrerantzean ez da ikaratuko; gaizkile horiek ez dute gehiago zapalduko, antzina

11. ene herri Israeli buruzagiak eman nizkionean, egin zuten bezala. Lasaitasuna emanen dizut zeure etsai guztiekiko. Ondorengotza emanen dizula jakinarazten dizu Jaunak.

12. Zure egunak bete ondoren, zeure gurasoekin etzango zarenean, zure ondorengo bat ezarriko dut, zuregandik sortua, eta sendotu eginen dut beraren erregetza.

13. Hark eraikiko dit etxea, eta nik errege-aulkia sendotuko diot.

14. Aita izango nau hark ni, eta seme izango dut nik hura. Okerrik egingo balu, zuzendu egingo nuke, gizakiek erabili ohi dituzten makilaz eta zigorrez.

15. Hala ere, ez dut neure onginahia harengandik baztertuko, Saulengandik baztertu nuen bezala, baztertu egin bainuen neure aurretik bera.

16. Zure etxeak eta zure erregetzak betierean iraungo dute zure ondoren, eta zeure errege-aulkia sendoa izanen duzu beti».

17. Ikuskari honetan adierazitako guztia esan zion Natanek Davidi.

Davidek Jaunari erantzun

18. Orduan, David oihal-etxolara sartu eta honela mintzatu zitzaion Jaunari: «Nor naiz ni, Jainko Jauna, eta zer da nire senitartea, ni honetaraino ekartzeko?

19. Eta hori ere gutxitzat jota, Jainko Jauna, zure morroi honen etxeari luzarorako hitza eman diozu. Hori ez da maiz gertatzen, Jainko Jauna.

20. Zer gehiago esan diezazuket nik, Davidek? Jainko Jauna, zuk ezagutzen nauzu morroi nauzun hau.

21. Zeuk nahi eta esan bezala egin dituzu gauza handi hauek guztiak, eta zeure morroi honi agertu dizkiozu.

22. Horregatik, Jainko Jauna, handia zara, ez baita zu adinakorik. Ez da jainkorik zu baizik, geure belarriz entzun izan dugun bezala.

23. Ba ote da lurrean Israel zure herria bezalako besterik? Zeu, Jainko, etorri zinen herri hau askatzera, zeure herri egiteko, zeure izena emateko eta beronen alde gauza handiak egiteko. Izugarriak egin dituzu zeure herriaren alde. Ba ote da beste herririk, Egiptotik eta gainerako herri eta jainkoen menpetik askatu duzuna bezalakorik?

24. Zuk Israel zeure herri egin duzu betiko, eta zu zeu, Jauna, berorren Jainko egin zara.

25. Beraz, Jainko Jauna, iraunarazi beti zeure morroi honi eta nire ondorengotzari eman diozun hitza. Egizu esan bezala.

26. Izan bedi handietsia zure izena beti! Esan bezate: “Jaun ahalguztiduna Israelen Jainkoa!” Eta iraun beza zure aurrean, morroi duzun David honen ondorengotzak.

27. Zuk, Jaun ahalguztidun eta Israelen Jainko horrek, ondorengotza hitzeman didazu. Horregatik izan du zure morroi honek zuri otoitz hau egiteko ausardia.

28. Hara, bada, Jainko Jauna, Jainkoa zara zu eta zure hitzak egiazkoak dira. Zure morroi honi halako gauza ederrak hitzeman dizkiozunez,

29. bedeinka ezazu, otoi, zeure morroi honen ondorengotza, beti zure aurrean iraun dezan. Zeuk hitzeman duzu hori, Jainko Jaun horrek. Zure bedeinkapenak bedeinka beza, beraz, zure morroi honen ondorengotza».