Itun Zaharra

Itun Berria

2 Samuel 5:4-19 Elizen Arteko Biblia (EAB)

4. Hogeita hamar urte zituen Davidek errege izaten hasi zenean, eta berrogei urtez izan zen errege.

5. Hebronen zazpi urte eta erdiz izan zen Judako errege, eta Jerusalemen hogeita hamahiru urtez Israel osoko eta Judako errege.

6. Erregeak, berekin zituen gizon guztiekin, Jerusalemerantz jo zuen, lurralde hartan bizi ziren jebustarren kontra. Hauek esaten zioten Davidi: «Ez zara hona sartuko; itsuak eta herrenak aski dira zuri eusteko!» David inola ere ez zela sartuko uste zuten.

7. Hala ere, jabetu zen David Siongo gotorlekuaz, gero Daviden Hiri deituko zutenaz.

8. Egun hartan, hain zuzen, esan zien Davidek bere gudariei: «Jebustarrei eraso nahi dieten guztiak sar daitezela ubide-zulotik, David gutxiesten duten itsu eta herren horiengana!»Hortik dator esaera: «Ez itsurik, ez herrenik ez da sartuko Jaunaren etxean».

9. David gotorleku hartan gelditu zen bizitzen, eta Daviden Hiri deiarazi zuen. Harresia eraiki zuen inguruan, Milo deritzan ezpondatik barnealdera.

10. David geroz eta indartsuago ari zen egiten, eta berekin zuen Jaun ahalguztiduna.

11. Tiroko errege Hiram-ek mandatariak bidali zizkion Davidi, zedro-zura, zurginak eta harginak berekin zeramatzatela. Eta jauregia eraiki zioten Davidi.

12. Horrela ohartu zen David, Jaunak Israelgo errege ezartzen zuela eta handi egiten ziola erregetza, Israel bere herriarengatik.

13. Hebrondik Jerusalemera etorri ondoren, beste emazte eta ohaide batzuk hartu zituen Davidek, eta beste zenbait seme-alaba jaio zitzaion.

14. Hona hemen, Jerusalemen sortu zitzaizkion semeen izenak: Xamua, Xobab, Natan, Salomon,

15. Ibhar, Elixua, Nefeg, Jafia,

16. Elixama, Eliada, Elifelet.

17. David Israelgo errege gantzutu zutela jakin bezain agudo, filistearrak Daviden bila igo ziren. Jakin zuen Davidek, eta gotorlekura jaitsi zen.

18. Filistearrak, hara heltzean, Refaim haranean zabaldu ziren.

19. Davidek kontsulta egin zion Jaunari:—Erasoko al diet filistearrei? Emango al dizkidazu eskura?Jaunak erantzun zion Davidi:—Bai, eraso! Emango dizkizut eskura filistearrak.

Irakurri kapitulu osoa 2 Samuel 5