Itun Zaharra

Itun Berria

2 Samuel 5:3-11 Elizen Arteko Biblia (EAB)

3. Etorri ziren, bada, israeldarren buruzagi guztiak Hebronera David erregeagana, eta hitzarmena egin zuen honek haiekin Jaunaren aurrean. Haiek Israelgo errege gantzutu zuten.

4. Hogeita hamar urte zituen Davidek errege izaten hasi zenean, eta berrogei urtez izan zen errege.

5. Hebronen zazpi urte eta erdiz izan zen Judako errege, eta Jerusalemen hogeita hamahiru urtez Israel osoko eta Judako errege.

6. Erregeak, berekin zituen gizon guztiekin, Jerusalemerantz jo zuen, lurralde hartan bizi ziren jebustarren kontra. Hauek esaten zioten Davidi: «Ez zara hona sartuko; itsuak eta herrenak aski dira zuri eusteko!» David inola ere ez zela sartuko uste zuten.

7. Hala ere, jabetu zen David Siongo gotorlekuaz, gero Daviden Hiri deituko zutenaz.

8. Egun hartan, hain zuzen, esan zien Davidek bere gudariei: «Jebustarrei eraso nahi dieten guztiak sar daitezela ubide-zulotik, David gutxiesten duten itsu eta herren horiengana!»Hortik dator esaera: «Ez itsurik, ez herrenik ez da sartuko Jaunaren etxean».

9. David gotorleku hartan gelditu zen bizitzen, eta Daviden Hiri deiarazi zuen. Harresia eraiki zuen inguruan, Milo deritzan ezpondatik barnealdera.

10. David geroz eta indartsuago ari zen egiten, eta berekin zuen Jaun ahalguztiduna.

11. Tiroko errege Hiram-ek mandatariak bidali zizkion Davidi, zedro-zura, zurginak eta harginak berekin zeramatzatela. Eta jauregia eraiki zioten Davidi.

Irakurri kapitulu osoa 2 Samuel 5