Itun Zaharra

Itun Berria

2 Samuel 3:8-26 Elizen Arteko Biblia (EAB)

8. Biziki haserretu zen Abner Ix-Boxeten salaketa horrekin eta ihardetsi zion:—Zakurraren putza ote naiz, bada, ni Judan? Hemen ari naiz etengabe zuen aita Saulen etxearen alde, berorren ahaide eta adiskideen alde; ez dut utzi zu Daviden eskuetara eror zaitezen. Eta emakume horrekin okerra egin dudala botatzen al didazu aurpegira?

9. Zigor nazala gogor Jainkoak, Jaunak Davidi egin zion zina betetzen gaurdanik lehiatzen ez banaiz;

10. erregetza Saulen etxeari kendu eta Israelen eta Judan, Dandik hasi eta Beer-Xebaraino, Daviden errege-aulkia sendotuko zuela egin baitzuen zin.

11. Ix-Boxetek ezin izan zion fitsik ere erantzun Abnerri, beldurra baitzion.

12. Mezulariak igorri zizkion Abnerrek Davidi, beraren izenean esan ziezaioten: «Nor izango da lurraldearen jabe? Egizu nirekin hitzarmena eta zeurekin izango nauzu. Eta Israel osoa berreskuratzen lagunduko dizut».

13. Davidek erantzun zion: «Ongi da, eginen dut zurekin hitzarmena; baina gauza bakarra eskatzen dizut: ez azaldu niregana Saulen alaba Mikal ekarri gabe».

14. Saulen seme Ix-Boxeti ere bidali zizkion Davidek mezulariak, esatera: «Itzul iezadazu ene emazte Mikal, ehun filistearren zakil-muturrak eman bainituen berori emazte hartzeko».

15. Ix-Boxetek, orduan, Laixen seme Paltieli bere emazte Mikal kentzeko agindu zuen.

16. Senarrak Bahurimeraino lagundu zion, negarrez, ondoren joanez. Abnerrek agindu zion gizonari:—Tira, itzul zaitez! Eta itzuli egin zen gizona.

17. Abner, orduan, honela mintzatu zitzaien israeldarren buruzagiei: «Aspaldidanik nahi zenuten David zuen errege izatea.

18. Oraintxe duzue aukera, honela mintzatu baita Jauna Davidi buruz: Ene zerbitzari Daviden eskuz salbatuko dut neure herri Israel filistearren eta gainerako etsaien menpetik».

19. Era berean mintzatu zitzaien Abner benjamindarrei ere. Ondoren, Abnerrek Hebronera jo zuen, Israelen eta benjamindarren onarpena Davidi adierazteko.

20. Hogei gizonekin joan zen Hebronera, Davidengana. Honek otordua eman zien Abnerri eta beronekin joan zirenei.

21. Abnerrek esan zion Davidi: «Orain banoa. Zuregana bildu behar dut, ene errege jaun horrengana, Israel osoa. Hitzarmena egingo dute zurekin eta, zeuk nahi bezala, guztien errege izango zara».Davidek agur egin eta bakean joan zen Abner.

22. Daviden mutilak eta Joab irtenaldi bat egitetik zetozen, harrapakin ugari zekartela. Abner ez zegoen Hebronen Davidekin, ordurako joana baitzen bakean.

23. Joab eta beronekin ziren mutil guztiak heldu zirenean, honela esan zioten batzuek Joabi: «Ner-en seme Abner etorri zaio erregeari eta, honek agur eginik, bakean joan da hura».

24. Joabek erregeagana joan eta esan zion: «Zer egin duzu? Abner etorri omen zaizu. Zergatik utzi diozu joaten?

25. Badakizu, gero, nor den Ner-en seme Abner hori! Asmo maltzurrez etorri zaizu, zure joan-etorriak zelatatzera, zertan ari zaren jakitera».

26. Alde egin zuen Joabek Davidengandik eta mandatariak bidali zituen Abnerren ondoren. Hauek Sirako ur-putzutik itzularazi zuten, Davidek deus ere jakin gabe.

Irakurri kapitulu osoa 2 Samuel 3