Itun Zaharra

Itun Berria

2 Samuel 3:7-18 Elizen Arteko Biblia (EAB)

7. Bazuen Saulek Ritzpa izeneko ohaide bat, Aia-ren alaba. Ix-Boxetek esan zion Abnerri:—Zergatik oheratu zara gure aitaren ohaidearekin?

8. Biziki haserretu zen Abner Ix-Boxeten salaketa horrekin eta ihardetsi zion:—Zakurraren putza ote naiz, bada, ni Judan? Hemen ari naiz etengabe zuen aita Saulen etxearen alde, berorren ahaide eta adiskideen alde; ez dut utzi zu Daviden eskuetara eror zaitezen. Eta emakume horrekin okerra egin dudala botatzen al didazu aurpegira?

9. Zigor nazala gogor Jainkoak, Jaunak Davidi egin zion zina betetzen gaurdanik lehiatzen ez banaiz;

10. erregetza Saulen etxeari kendu eta Israelen eta Judan, Dandik hasi eta Beer-Xebaraino, Daviden errege-aulkia sendotuko zuela egin baitzuen zin.

11. Ix-Boxetek ezin izan zion fitsik ere erantzun Abnerri, beldurra baitzion.

12. Mezulariak igorri zizkion Abnerrek Davidi, beraren izenean esan ziezaioten: «Nor izango da lurraldearen jabe? Egizu nirekin hitzarmena eta zeurekin izango nauzu. Eta Israel osoa berreskuratzen lagunduko dizut».

13. Davidek erantzun zion: «Ongi da, eginen dut zurekin hitzarmena; baina gauza bakarra eskatzen dizut: ez azaldu niregana Saulen alaba Mikal ekarri gabe».

14. Saulen seme Ix-Boxeti ere bidali zizkion Davidek mezulariak, esatera: «Itzul iezadazu ene emazte Mikal, ehun filistearren zakil-muturrak eman bainituen berori emazte hartzeko».

15. Ix-Boxetek, orduan, Laixen seme Paltieli bere emazte Mikal kentzeko agindu zuen.

16. Senarrak Bahurimeraino lagundu zion, negarrez, ondoren joanez. Abnerrek agindu zion gizonari:—Tira, itzul zaitez! Eta itzuli egin zen gizona.

17. Abner, orduan, honela mintzatu zitzaien israeldarren buruzagiei: «Aspaldidanik nahi zenuten David zuen errege izatea.

18. Oraintxe duzue aukera, honela mintzatu baita Jauna Davidi buruz: Ene zerbitzari Daviden eskuz salbatuko dut neure herri Israel filistearren eta gainerako etsaien menpetik».

Irakurri kapitulu osoa 2 Samuel 3