Itun Zaharra

Itun Berria

2 Samuel 3:14-24 Elizen Arteko Biblia (EAB)

14. Saulen seme Ix-Boxeti ere bidali zizkion Davidek mezulariak, esatera: «Itzul iezadazu ene emazte Mikal, ehun filistearren zakil-muturrak eman bainituen berori emazte hartzeko».

15. Ix-Boxetek, orduan, Laixen seme Paltieli bere emazte Mikal kentzeko agindu zuen.

16. Senarrak Bahurimeraino lagundu zion, negarrez, ondoren joanez. Abnerrek agindu zion gizonari:—Tira, itzul zaitez! Eta itzuli egin zen gizona.

17. Abner, orduan, honela mintzatu zitzaien israeldarren buruzagiei: «Aspaldidanik nahi zenuten David zuen errege izatea.

18. Oraintxe duzue aukera, honela mintzatu baita Jauna Davidi buruz: Ene zerbitzari Daviden eskuz salbatuko dut neure herri Israel filistearren eta gainerako etsaien menpetik».

19. Era berean mintzatu zitzaien Abner benjamindarrei ere. Ondoren, Abnerrek Hebronera jo zuen, Israelen eta benjamindarren onarpena Davidi adierazteko.

20. Hogei gizonekin joan zen Hebronera, Davidengana. Honek otordua eman zien Abnerri eta beronekin joan zirenei.

21. Abnerrek esan zion Davidi: «Orain banoa. Zuregana bildu behar dut, ene errege jaun horrengana, Israel osoa. Hitzarmena egingo dute zurekin eta, zeuk nahi bezala, guztien errege izango zara».Davidek agur egin eta bakean joan zen Abner.

22. Daviden mutilak eta Joab irtenaldi bat egitetik zetozen, harrapakin ugari zekartela. Abner ez zegoen Hebronen Davidekin, ordurako joana baitzen bakean.

23. Joab eta beronekin ziren mutil guztiak heldu zirenean, honela esan zioten batzuek Joabi: «Ner-en seme Abner etorri zaio erregeari eta, honek agur eginik, bakean joan da hura».

24. Joabek erregeagana joan eta esan zion: «Zer egin duzu? Abner etorri omen zaizu. Zergatik utzi diozu joaten?

Irakurri kapitulu osoa 2 Samuel 3