Itun Zaharra

Itun Berria

2 Samuel 24:1-9 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Sutu zen berriro ere Jaunaren haserrea israeldarren kontra eta, zigortzeko, esan zion Davidi:—Tira, egin israeldarren eta judatarren zenbaketa.

2. Erregeak esan zion Joab bere gudalburuari:—Zoaz Israelen barna leinuz leinu, Dandik Beer-Xebaraino, eta egin herritar guztien zenbaketa, zenbat diren jakin dezadan.

3. Joabek ihardetsi zion erregeari:—Orain dena baino ehun bider handiago egin dezala herria Jaunak, zure Jainkoak, eta ikus dezala bere begiz errege jaunak! Baina zertarako nahi du ene errege jaunak halakorik egin?

4. Hala ere, erregeak bere agindua betearazi zien Joabi eta gudalburuei. Beraz, Joab, gudalburu guztiekin, erregearen aurretik atera eta israeldarren zenbaketa egitera joan zen.

5. Iragan zuten Jordan ibaia, eta Aroer-tik eta ibarraren erdian dagoen hiritik hasirik, Gad lurraldean zehar, Jazer-eraino heldu ziren.

6. Gero, Galaadera eta hititen lurraldera, Kadexera, joan ziren; baita Dan-Jaanera eta Sidongo inguruetara ere.

7. Tiroko hiri gotorrera ere iritsi ziren; baita hibiarren eta kanaandarren hiri guztietara ere. Azkenik, Judako Negev-erantz abiatu ziren, Beer-Xebara.

8. Horrela zeharkatu zuten lurralde osoa eta, bederatzi hilabete eta hogei egunen buruan, Jerusalemera heldu ziren.

9. Herritarrak zenbat ziren adierazi zion Joabek erregeari: Israelen zortziehun mila ziren ezpata erabil zezaketen gerra-gizonak, eta Judan bostehun mila.

Irakurri kapitulu osoa 2 Samuel 24