Itun Zaharra

Itun Berria

2 Samuel 2:12-28 Elizen Arteko Biblia (EAB)

12. Ner-en seme Abnerren eta Saulen seme Ix-Boxeten mutilak Mahanaimdik atera eta Gabaonera joan ziren.

13. Aldi berean, Tzeruiaren seme Joaben eta Daviden zerbitzariak ere atera ziren eta Gabaongo uraska ondoan aurkitu zituzten besteak. Elkar ikusi zutelarik, batzuk uraskaren alde batean kokatu ziren, eta besteak bestean.

14. Abnerrek esan zion Joabi:—Gazte-talde bi jaiki eta borroka daitezela gure aurrean!—Jaiki daitezela, bada! —erantzun zion Joabek.

15. Jaiki eta aurreratu ziren, beraz, batzuk: hamabi benjamindar Saulen seme Ix-Boxeten aldetik, eta beste hamabi zerbitzari Daviden aldetik.

16. Heldu zion burutik nork bere arerioari eta saihetsean sartu zion ezpata. Denak batera erori ziren. Horregatik, Gabaondik hurbil dagoen toki horri Jelkat-Hatzurim deritza, hau da, «Harkaitz-landa».

17. Ondoren, borroka izugarri latza egin zuten egun hartan. Daviden zerbitzariek menderatu egin zituzten Abner eta Israelgo gizonak.

18. Han ziren Tzeruiaren hiru semeak: Joab, Abixai eta Asahel. Azken hau basahuntza bezain zango bizkorrekoa zen.

19. Abnerren ondoren abiatu zen Asahel zuzen-zuzen, inora okertu gabe.

20. Begiratu zuen Abnerrek atzera eta esan zuen:—Asahel al zara?Honek erantzun:—Bai!

21. Abnerrek esan zion:—Jo ezazu beste norabait. Harrapa ezazu mutilen bat eta hartu beraren jantziak.Asahelek, ordea, ez zion utzi nahi izan haren atzetik joateari.

22. Orduan, Abner berriro mintzatu zitzaion Asaheli:—Alde! Ez jarraitu niri! Ez nazazu behartu zu lurrera botatzera! Bestela, ezin izango diot zure anaia Joabi begiratu.

23. Hala ere, Asahelek ez zuen alde egin nahi izan. Orduan, Abnerrek lantzaren atzeko muturra sabelean sartu eta atzealdetik atera zion. Bertan erori zen hila Asahel. Ondoren zetozen guztiak, Asahel hila erori zen tokira heltzean, gelditu egiten ziren.

24. Joab eta Abixai Abnerren atzetik joan ziren. Eguzkia sartzen ari zen Gabaon basamorturako bidean, Gia-ren ekialdera dagoen Amma mendixkara heldu zirenean.

25. Benjamindarrek Abnerren inguruan bildu eta, talde bat eginez, muino-gailurrean tinko eutsi zioten.

26. Abnerrek esan zion deiadarka Joabi:—Denak hondatu arte astindu behar al duzu ezpata? Ez al dakizu gaizki bukatu behar dugula horrela? Noiz esan behar diezu zeure gizonei beren anaiei ez erasotzeko?

27. Joabek erantzun zion:—Ala Jainkoa! Mintzatu ez bazina, inork ez ziokeen egunsentia arte utziko bere anaiei erasotzeari!

28. Horrela, beraz, jo zuen Joabek adarra eta gudaroste osoa gelditu egin zen; ez ziren aurrerantzean israeldarren ondoren joan, ezta borrokatu ere.

Irakurri kapitulu osoa 2 Samuel 2