Itun Zaharra

Itun Berria

2 Samuel 2:1-11 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Ondoren, Davidek kontsulta egin zion Jaunari:—Igoko al naiz Judako hiriren batera?—Bai, igo —erantzun zion Jaunak.—Zeinetara igoko naiz? —Davidek, berriro.—Hebronera —esan zion Jaunak.

2. Igo zen, bada, David hara bere bi emazteekin, Ahinoam Izreelgoarekin eta Abigail Karmelgo Nabalen emazte izanarekin.

3. Bere gizonak ere eraman zituen Davidek berekin, nor bere etxekoekin, eta Hebrongo inguruetan gelditu ziren.

4. Etorri zen Judako jendea eta han gantzutu zuten David Judako errege.Jakinarazi zioten Davidi Galaadeko Jabexkoek ehortzi zutela Saul,

5. eta mezulariak igorri zizkien esatera: «Bedeinka zaitzatela Jaunak, Saul zeuen jaunari lur emanez halako erruki-egintza egin diozuelako.

6. Ager bekizue zuei ere Jauna onbera eta leial. Nik ere on eginez erantzungo dizuet, hori egin duzuelako.

7. Orain, adore zaitezte eta izan sendo. Hil zaizue Saul zeuen jauna, bai; baina Judakoek ni gantzutu naute beren errege».

8. Ner-en seme Abnerrek, Saulen gudarosteko buruzagiak, berriz, Saulen seme Ix-Boxet hartu, Mahanaimera eraman

9. eta Galaad, Axur, Izreel, Efraim eta Benjaminen, hau da, Israel osoaren, errege izendatu zuen.

10. Berrogei urte zituen Saulen seme Ix-Boxetek Israelen errege izaten hasi zenean, eta bi urtez izan zen errege. Judak, aldiz, David onartu zuen errege.

11. David zazpi urte eta sei hilabetez izan zen Judako errege Hebronen.

Irakurri kapitulu osoa 2 Samuel 2