Itun Zaharra

Itun Berria

2 Samuel 19:28-39 Elizen Arteko Biblia (EAB)

28. «Hark, ordea, gezurrez salatu ninduen zure aurrean, ene errege jauna. Hala ere, Jainkoaren aingerua bezalakoa zarenez, egin egoki iruditzen zaizuna.

29. Gure aitaren senitartean denok merezi genuen heriotza zure eskutik, ene errege jauna. Baina zeure mahaian jarri ninduzun, zeure zerbitzari hau. Ba ote dut oraindik eskubiderik erregeari zerbait eskatzeko?»

30. Erregeak esan zion:—Zertarako honenbeste berriketa? Agindua dut lurrak Tziba eta bion artean banatzeko.

31. Mefi-Boxetek ihardetsi zion:—Har ditzala denak beretzat. Aski dut zu etxera bizirik eta onik etorri izana, ene errege jauna.

32. Bartzilai galaadtarra ere jaitsi zen Rogelimdik, Jordan ibaia erregearekin igaro eta ibai ertzean agur egiteko.

33. Bartzilai oso zaharra zen, bazituen laurogei urte. Erregea Mahanaimen izan zen bitartean, hark hornitu zuen janariz, gizon oso handikia baitzen.

34. Erregeak esan zion Bartzilairi:—Zatoz nirekin Jerusalemera; behar duzun guztia izango duzu nire ondoan.

35. Bartzilaik, aldiz, erregeari:—Beste zenbat urtez biziko naiz, bada, erregearekin Jerusalemera joan behar izateko?

36. Baditut, dagoeneko, laurogei urte. Uste al duzu badudala ahalmenik ona eta txarra bereizteko? Edota janari-edariez gozatzeko? Edota kantariei entzuteko? Zuretzat oztopo baizik ez nintzateke izango, ene errege jauna.

37. Jordan igarotzen lagundu besterik ez dizut egingo; horregatik eman behar al didazu halako saria?

38. Otoi, uztazu itzultzen, neure herrian neure aita-amen hilobi ondoan hil nadin. Baina hona hemen Kimham zure morroia: doala bera zurekin, ene errege jaun horrekin; egiozu egokien iruditzen zaizuna.

39. Erregeak esan zion:—Betor, bada, nirekin Kimham, eta zuri egokien iruditzen zaizuna eginen diot. Eskatzen didazun guztia emango dizut.

Irakurri kapitulu osoa 2 Samuel 19