Itun Zaharra

Itun Berria

2 Samuel 16:11-23 Elizen Arteko Biblia (EAB)

11. Orduan, Davidek esan zien Abixairi eta bere zerbitzari guztiei:—Nire erraietatik ateratako semea ni hil nahian badabil, ez da harritzekoa benjamindar hori horrela ari izatea. Utziozue madarika nazan, Jaunak aginduko baitzion hori.

12. Beharbada, Jaunak nire atsekabea ikusirik, ongia ekarriko dit, gaurko madarikazioaren ordain.

13. David bere lagunekin bidez bide zihoalarik, Ximei ere hurbiletik zihoan mendi-maldan barna, madarikatuz, hurbiletik harriak jaurtiz eta hautsa harrotuz.

14. Erregea eta beronen jende guztia nekaturik heldu zen Jordanera, eta atseden hartu zuten han.

15. Sartu zen, bada, Absalom Jerusalemen bere aldeko israeldar jende guztiarekin. Berekin zuen Ahitofel ere.

16. Daviden adiskide Huxai arkitarra Absalomi joan zitzaion, esanez:—Gora erregea! Gora erregea!

17. Absalomek galdetu zion Huxairi:—Hori al da adiskidearekiko zure leialtasuna? Zergatik ez zara joan berarekin?

18. Huxaik ihardetsi zion Absalomi:—Ez horixe! Jaunak eta herri honek eta Israel osoak hautatu duenarekin egongo naiz ni, eta berarekin geldituko.

19. Gainera, nor zerbitzatuko nuke nik Daviden semea izan ezik? Zuen aitaren zerbitzari izan naizen bezala izango naiz zurea ere.

20. Absalomek esan zion Ahitofeli:—Hitz egizue zeuen artean zer egin behar genukeen.

21. Ahitofelek Absalomi:—Etzan zaitez zuen aitak etxezain utzi zituen ohaideekin. Horrela, Israel osoak jakinen du zeure aitaren arerio egin zarela; horrela, bizkortu eginen dira zure alde daudenak.

22. Ipini zioten, beraz, Absalomi oihal-etxola bat etxe gainean eta bere aitaren ohaideekin etzan zen, Israel osoaren begi-bistan.

23. Izan ere, Ahitofelen aholkuak Jainkoak berak emanak bailiran hartzen zituzten garai hartan. Horrela hartu ohi zuten Ahitofelen aholku oro, bai Davidek, bai Absalomek.

Irakurri kapitulu osoa 2 Samuel 16