Itun Zaharra

Itun Berria

2 Samuel 14:17-29 Elizen Arteko Biblia (EAB)

17. Hau pentsatu nuen: «Ene errege jaunaren hitzak lasaituko nau, Jainkoaren aingerua bezala baita bera, ona eta gaiztoa bereizten dakiena». Jauna, zeure Jainkoa, izan bedi zurekin!

18. Erregeak esan zion emakumeari:—Ez ezkutatu galdetu behar dizudanetik ezer.Eta emakumeak:—Mintza zakizkit, ene errege jauna.

19. Erregeak galdetu zion:—Ez al dabil Joaben eskua zurekin arazo honetan guztian?Emakumeak erantzun:—Ala ene errege jauna! Bete-betean asmatu duzu esan duzun guztian. Bai, zure zerbitzari Joabek agindu dit, ene errege jauna, zer esan behar nizun.

20. Egoera aldatzearren egin dizu hori Joabek. Zu, ene errege jauna, Jainkoaren aingerua bezain argia zara, eta badakizu mundu honetan gertatzen den guztia.

21. Orduan, erregeak Joabi dei egin eta esan zion:—Horixe eginen dut. Zoaz, bada, eta itzularazi Absalom gaztea.

22. Joabek, ahuspezturik, erregea bedeinkatu zuen, esanez:—Oraintxe dakusat begiko nauzula, ene errege jauna; zeure zerbitzari honen gogoa bete baituzu.

23. Ondoren, jaiki eta Gexurrera abiatu zen Joab, Absalom Jerusalemera ekarrarazteko.

24. Erregeak, berriz, hau agindu zuen:—Doala bere etxera! Ez nazala ikus!Absalom, beraz, bere etxera joan zen, erregea ikusi gabe.

25. Ez zen Israel osoan bere liraintasunagatik Absalom bezain gizon goretsirik: burutik oinetara ez zuen akatsik.

26. Urtero moztu ohi zuen ilea, oso trinkoa zuelako. Bi kilo baino gehiago izaten zen haren ile-sorta, errege-pisuaren arabera.

27. Hiru seme jaio zitzaizkion eta alaba bat, Tamar. Ederra neska!

28. Bi urte eman zituen Jerusalemen Absalomek erregea ikusi gabe.

29. Behin batean, Joabi dei egin zion, erregeagana bidaltzeko asmoz; Joabek, ordea, ez zuen Absalomengana joan nahi izan. Bigarrenez egin zion dei; baina etorri nahi izan ez zuenez,

Irakurri kapitulu osoa 2 Samuel 14