Itun Zaharra

Itun Berria

2 Samuel 13:3-22 Elizen Arteko Biblia (EAB)

3. Bazuen Amnonek adiskide bat, Jonadab izenekoa, Daviden anaia Ximaren semea, gizon azeria benetan.

4. Galdetu zion Jonadabek Amnoni:—Zer duzu, errege-seme horrek, egunean baino egunean makalago egoteko? Ez al didazu esan behar?Amnonek erantzun zion:—Gure anaia Absalomen arreba Tamarrez maitemindurik nago.

5. Jonadabek esan zion:—Etzan zaitez zeure ohean eta egin gaixo-itxura. Aita ikustera etortzean, esaiozu: «Otoi, esaiozu gure arreba Tamarri niri jaten ematera etortzeko; hark nire aurrean eta ni begira nauela jateko zerbait prestatzen eta bere eskuz ematen badit, jango dut».

6. Horrela, bada, etzan zen Amnon gaixo-itxurak eginez. Erregea ikustatzera joan zitzaionean, esan zion Amnonek:—Otoi, esaiozu gure arreba Tamarri etortzeko nire aurrean bihotz-tankerako bi opil egitera, eta emateko jaten bere eskuz.

7. Davidek mandatua bidali zion etxera Tamarri: «Zoaz zeure anaia Amnonen etxera eta prestatu zerbait jateko».

8. Joan zen, bada, Tamar bere anaia Amnonen etxera; hau ohean zetzan. Tamarrek ogi-irina hartu, orea egin, anaiaren aurrean opilak prestatu eta erre zituen.

9. Hartu zuen zartagina eta atera zituen, anaiaren aurrean ipiniz. Honek, ordea, ez zuen jan nahi izan, eta agindu zuen:—Alde hemendik denok!Denak irten zirenean,

10. esan zion Amnonek Tamarri:—Ekar iezadazu janaria gelara. Zure eskutik nahi dut jan eta.Tamarrek eginiko opilak hartu eta gelara eraman zizkion bere anaia Amnoni.

11. Janaria hurbiltzean, heldu zion Amnonek neskari, esanez:—Zatozkit, etzan nirekin, ene arreba.

12. Neskak ihardetsi zuen:—Ez, ene anaia, ez nazazu bortxa. Israelen ez da horrelakorik egiten. Ez egin horrelako zitalkeriarik.

13. Nora joan naiteke neure lotsarekin? Zeu ere gizatxarretariko bat izango zinateke Israelen. Otoi, eskatu erregeari nirekin ezkontzeko baimena; ez dizu ukatuko.

14. Amnonek ez zion entzun nahi izan; indartsuago zenez, bortxatu eta berarekin etzan zen.

15. Gero, ordea, biziki gorrotatu zuen Amnonek neska, lehen izan zion amodioa baino gorroto askoz handiagoz. Amnonek esan zion:—Jaiki zaitez! Alde hemendik!

16. Neskak erantzun zion:—Ez, ene anaia. Lehengoa baino irain handiagoa egingo didazu, hemendik botatzen banauzu.Ez zion entzun ere egin nahi izan Amnonek,

17. baizik eta bere zerbitzura zuen morroiari dei egin eta agindu zion:—Bota hau hemendik kanpora eta itxi atea!

18. Morroiak kanpora bota zuen neska eta atea giltzaz itxi. Soineko luze ederrez jantzia zegoen neska, halaxe janzten baitziren errege-alaba ezkongabeak.

19. Orduan, ordea, bere burura hautsa bota, soinekoa urratu eta eskuak buruan zituela, garrasika joan zen Tamar.

20. Absalomek, bere anaiak, galdetu zion:—Amnon egon al dun hirekin? Isil hadi, ene arreba, heure anaia dun eta. Ez kezkatu horregatik.Tamar, hala ere, atsekabetua gelditu zen bere anaia Absalomen etxean.

21. Jakin zuen David erregeak gertatuaren berri eta erabat haserretu zen.

22. Absalomek ez zion hitzik esan bere anaia Amnoni, baina gorrotoa zion, arreba Tamar bortxatu zuelako.

Irakurri kapitulu osoa 2 Samuel 13